'Tasio'-ren 30.urteurrenean omenaldia Montxo Armendarizi

uriola.eus 2014ko abe. 18a, 08:49

Mendi Film Festivalek Montxo Armendariz zuzendaria omenduko du bere Opera Prima, ‘Tasio’, egin zuenetik 30 urte bete direnean. Egile nafarraren ibilbidean lan esanguratsua da oso. Istorio berezia da, bakarra, Zuñiga herrixkako ikazkin tradizional baten istorioa, mendiarekin estu lotuta bizi den gizasemea.

Urrezko Eguzkilore Harribitxia jasoko du Armendarizek, Bilbao Mendi Film Festivalaren aitortza berezia. Horretarako antolatu den ekitaldian pelikula proiektatuko da, eta zuzendariarekin eta protagonistekin biltzeko balioko du. ‘Tasio’-ri egingo zaion omenaldia ostegunean 20:00etan hasiko da, Alondegiko Auditorioan, eta sarrera leihatilan eskuratu ahal izango da 5 eurotan.


Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendariak, Jabier Baraiazarrak, hala esan du: “Pelikularen 30. urteurrena ospatu nahi dugu. Pelikula honek Trentoko (Italia) mendi zinema festibalean jaso zuen lehenengo saria, horrek erakusten du estuki lotuta dagoela mendi munduarekin eta izpirituarekin. Guztiz bat egiten dugu protagonistak erakusten dituen balioekin, izaera gogorra, apurtezina, eta naturarekin estu lotuta bizi den pertsonaia. Eta zuzendariak izpiritu hori pantaila handira eramateko erakutsi zuen ikuspegia eta sentsibilitatea omendu nahi ditugu”.

‘Tasio’ filmak 30 urte betetzen dituela aprobetxatuta, Montxo Armendarizen pelikulari omenaldia egingo zaio, eta bertan izango dugu zuzendaria bera. Pelikulak benetazko pertsonaia baten, Anastasio Ochoa Ruizen (Tasio) ibilerak kontatzen ditu. Ikazkin askea eta isileko ehiztaria izan zen, Zuñigan (Nafarroan) jaio zen 1916. urtean eta Valderrotako mendian hil zen 1989ean. Omenaldia Felix Linaresek aurkeztuko du.

Patxi Bisquert Mendi Filmen
Armendarizen lehen luzemetraia izan zen ‘Tasio’. Bilbao Mendi Film Festivalen eskainiko den saio berezi honek aukera paregabea eskainiko du haren hausnarketak entzuteko, pelikula sortu zenetik 30 urte bete baitira. Elias Querejeta ekoizle hernaniarrarekin duen harremana lan honetan sortu zen aldi berean. Eta Patxi Bisquert ere bertan izango da, zinean protagonista gisa haren lehen lana izan zen ‘Tasio’, ikazkinaren paperean.

“Adiskidetasuna, maitasuna, heriotza eta bakardadea erakusten dituen istorio bat da, eta baita sekula amore ematen ez zuen gizaseme baten borondateari buruzko istorioa ere”, dio Armendarizek ‘Tasio’ deskribatzen duenean. 1981ean ezagutu zuen egiazko Tasio, ‘Carboneros de Navarra’ lanaren errodajean. Kezko mendi batean lan eginez eta gaur egun ia desagertu den teknika bat erabiliaz ikatz begetala lortzen zuen “heroi bakarti” hark aldarazi zuen Armendarizen patua, elektronika alboratu eta benetako pasioa zuen hartara dedikatzeko, zinemagintzara.

 

www.mendifilmfestival.com