Haendel eta Bach, Barrokoko jenio handi bi 75 kontzertutan

uriola.eus 2015ko mar. 6a, 10:27

Badator Musika-Música jaialdia bere urteroko hitzordua betetzera. 2015eko edizio honetan Barrokoan pausatuko du bere begirada eta Haendel eta Bach hartuko ditu bere egitarauaren ardatz, bi konpositore horiengan laburbiltzen delako XVIII. mendearen lehen erdiko musikaren garapena eta esanahia. Guztira 75 kontzertu eskainiko dira Euskalduna Jauregian gaurtik igandera arte.

Haendel eta Bach Barrokoaren jenio handiak Bilbon gaurtik -martxoak 6- igandea bitarte luzatuko den Musika-Música 2015 jaialdiaren protagonistak izango dira. Bilbao 700 Fundazioak antolatuta eta Bilboko Udalak babestuta, Musika klasikoaren Jai handia Euskalduna Jauregian burutuko da, ‘Apasionados Haendel & Bach Pasioz beterik’ izenburupean.

Musika-Música jaialdiaren hamalaugarren edizio hau berriro ere Barrokoari begira jarri da. Horretarako, XVIII. mendeko lehenengo erdiko musikaren bilakaera eta maila erakusten dizkiguten aparteko bi musikari hauek gogoan izango dituzte. Haien bizitzaren alderdi ugaritan bat etorri ziren, izan ere, biak alemaniarrak dira, urte berean (1685) jaiotakoak, erlijio-fede bera ere partekatzen zuten eta haien bizitzen amaieran itsu geratu ziren. Hala ere, haien obrak oso desberdinak dira.

Haendelen musika alaia eta kosmopolita izateaz gain, jauregietan jotzeko prestatuta zegoen eta harrera ona eduki zuen publikoaren aldetik. Bachen kasuan, berriz, bere obra urriagoa da eta seriotasunez zipriztinduta dago, ordenaz eta jakinduriaz beteta agertzen da. Gainera, bere lanaren aitorpena heriotzatik ehun urte bete ondoren heldu zen.

Edward Schultz ingeles musikariaren arabera “Haendel eta Bach alemaniarrek baino ez dute benetako talentua”. Beraiei esker, gaur hasita Euskalduna Jauregira musika barrokoaz gozatzera berriro hurbilduko direnek ondo pasatzeko aukera edukiko dute, izan ere, ‘Bach is Back’ izenburuko 2009ko ediziotik ez da Jaialdian entzungai egon.

 

Jatorriari eutsiz
Barrokoaren jeinu handi bi hauen musika bikaina Euskalduna Jauregiko aretoetan entzun ahal izango da, bere jatorrizko helburuei eusten dion ekitaldi-sorta honetan: musika klasikoaren eta bere interpretarien berri ematea eta zabaltzea nahiz publiko berriei helaraztea. Hala, Musika-Música jaialdia ezinbesteko hitzordu bihurtu da musikazaleentzat eta musika klasikoa ezagutu nahi dutenentzat.

 

Izaera eta nortasun propioak
Bilboko Musika Jaialdi honek Nantes/Naoned hiriko (Bretainia-Frantzia) ‘La Folle Journée’ izeneko ekimenean du abiapuntua eta horrelako ikuskizuna eskaintzen duten hirien zirkuituaren barruan dago: Tokio (Japonia), Rio de Janeiro (Brasil) eta Varsovia (Polonia). Hala ere, duela zenbait edizio hasi zen nortasun eta izaera propioa hartzen, Bilboren egoerari eta nortasunari egokituta, Espainiako eta Euskal Herriko zein nazioarteko panoramaren talentu handien (oskestrak, musikariak eta ahotsak) aldeko hautua eginez. Hori guzti hori, programaren zein interpretarien aldetik, publikoari albait kalitaterik handiena eskaintzeko asmoz egin da.

Edizio honetan, artista profesionalen 75 kontzertu egongo dira eta sarreren salneurria 6, 8 eta 10 eurokoa izango da.

 

Aretoen izenak
- George I Entzunaretoa: Haendelen lehenengo "ugazaba" izandakoa, Hannoverreko Printze Hauteslea izan zen bitartean eta, behin Ingalaterrako Errege bihurtuta, alemaniar konpositorea britainiartzat onartu zuen.

- Leopoldo Printzea Aretoa: Bach musikaria Köthen hiriko Gortearen Kapellmeister izendatu zuen. Hiri horretan igaro zituen bere bizitzako unerik oparoenak, musika instrumental onenaren parte handi bat konposatzen zuen bitartean.

- Ruspoli Aretoa: Erromako mezena garrantzitsuenetariko bat izan zen eta Haendel soldatapean eduki zuen. Bere babeslearentzat 37 Kantata baino gehiago nahiz ‘Il trionfo del tempo e del disinganno’ eta ‘Resurrezione’ Oratorioak konposatu zituen.

- Brandemburgo Aretoa: Izen handiko Brandemburgoko 6 Kontzertuak bertan egongo dira entzungai. Bere orkestrak estreinatzeko aukerarik izan ez arren, bere jauregiko liburutegian gorde zituen partiturak.

- Anna Magdalena Aretoa: JS Bach musikariaren emaztea gogoan edukitzeko izendatu da horrela, izan ere, berak lagundu zuen bere senarraren musika transkribatzen, partituren kopia eginda. Gainera, Maisuaren jardueran eta konposizioetan inplikazio handia izan zuen bere bizitza osoan.

- Leipzigeko Collegium Musicum Kioskoak: Erakunde hau kontzertu instrumentalak eta ahotsezkoak eskaintzen zituzten ikasleez osatuta zegoen. Kuhnau, Telemann eta JS Bach bezalako konpositore handiek zuzendu izan zuten.

 

Sarreren salmenta

Kutxabank Orotarako Kutxazainetan otsailaren 19tik aurrera
www.ticket.kutxabank.es - www.euskalduna.net

Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan otsailaren 19tik martxoaren 5era, astelehenetik ostiralera 10:30-13:30 eta 15:30-19:30 bitartean.

Euskalduna Jauregiko txarteldegietan otsailaren 19tik aurrera, astelehenetik-larunbatera 12:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean.

 

www.musika-musica.net/2015

Programazioa