Aiko taldeak haur jolas eta kantu tradizionalak helduei irakasteko tailerra antolatu du

uriola.eus 2015ko mar. 27a, 08:00

Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan espezializatuta dagoen Itsaso Arrieta arduratuko da ikastaroa emateaz. Hitzordua larunbatean, martxoak 28, 12:00etan izango da Abandoibarrako Bizkaia Aretoan.

Telebista eta bideokontsolak agertu baino lehen, musika zen haur jolas eta dantzen derrigorrezko akonpainamendua. Haurtxoentzako sehaska-kantuetatik hasi eta esku-jokoetan, jauzietan, korroetan eta bestelako koreografietan erabiltzeko moduko doinuetaraino, haur kantek ezinbesteko eginkizuna izan dute umeen sozializazioan eta garapenean nahiz hizkuntza eta kulturaren transmizioan.

Kulturaren ikuspegitik duten balio handiaz ohartuta, eta desagertzeko arriskutik babesteko asmoz, musikari eta dantza-maisuez osatutako Aiko taldeak haurren jolas eta kantu horiek helduei irakasteko tailer bat antolatu dute. Izan ere, gurasoek, hezitzaileek eta irakasleek funtsezko eginkizuna izan dute beti altxor hori belaunaldi batetik bestera transmititzeko.

Tailera hau, Aikok iazko urte amaieran sei urte arteko haurrak dantzan trebarazteko emandako 'Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan' izenburupeko beste bi tailerren osagarria da. Baina oraingo honetan, taldeko kideek Itsaso Arrietari eman diote ikastaroaren batuta pedagogikoa. Arrieta Euskal Herriko ahozko ondarea eta bereziki kantu tradizionalak ezagutzera ematen urte asko daraman aditua da.

Esperientziak ematen duen ikuspegiaz, Itsaso Arrietak argi utzi du "jolas eta kantu tradizionalen errepertorioa oso ezezaguna dela gaur egun, eta ondorioz, ez da soberako lana gurasoei eta hezitzaileei erakustea, 0 eta 10 urte tarteko kasu bakoitzean atera dakiokeen probetxuaz jabe daitezen. Sehaska-kanturik xumeenetatik hasi eta lehenengo pausoak ematean, eskuak mugitzen hasten direnean edota zenbatzen hasterakoan kantatzen diren doinuetaraino". Horren haritik, "haurraren garapen motorrean, emozionalean eta kognitiboan jolasa, dantza eta musika oinarri-oinarrizkoak direla nabarmendu du, hizkuntza eta kultura trasmititzeko duten garrantziarekin batera".

Itsaso Arrieta Goiri Euskal kanten irakaslea eta bereziki haur kantetan aditua. Haurtzaindegietako eta eskoletako  hezitzaileen irakaslea urte askoan. Haur kantak biltzen eta ikertzen aritu izan da eta zenbait  argitalpenen arduraduna eta aholkularia. Azken urteetan, kanta tradizionalen ikastaroak ematen dabil eta kantuarekin lotutako hainbat ekintza kulturaletan parte hartu du.

'Kulunkaz – Haur kantu jokoen tailerra' ekimena gurasoei, Lehen Hezkuntzako irakasleei eta haur eskoletako, haurtzaindegietako eta haurrentzako beste ikastetxe mota batzuetako langileei zuzenduta dago. Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazioaren barruan antolatu da.

Tailerra larunbatean, martxoak 28, 12:00etatik 13:30etara bitartean egingo da, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo). Matrikularen prezioa 10 eurokoa da, eta plaza kopurua mugatua denez, izen-ematearen hurrenkerari jarraituko zaio. Inskripzioa 634 423 539 telefonoan egin daiteke dagoeneko.