Bilbo Hiria irratiaren programazio berriaren aurkezpena arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Bilbo Hiria 2015ko aza. 25a, 09:00

Bilbo Hiria irratiak bere parrilla berria aurkeztuko du asteazkenean. Publikoarentzat irekia izango den topaketan, gure irrati saio guztietako ordezkariak izango dira, nork berea labur-labur aurkezten, eta lau irrati saio berri aurkeztuko dira. Ekitaldia gaur, azaroaren 25ean izango da, Kafe Antzokiko goiko solairuan. Zuzeneko musika eta jan-edanak ez dira faltako.

Gaur lau irrati saio berri aurkeztuko ditugu: De mica en mica s'ompla la pica, Bilboko katalanek euren hizkuntzan egindako saioa; Hizpidea magazina, Gasteizko Hala Bedi irratiarekin egiten dugun informazio orokorreko saioa, Iñigo Sendinok teknologia berriei buruz egiten duen Sarean zehar saioa eta, azkenik, datozen egunotan aireratzen hasiko dugun Zientzialari saioa, EHUrekin batera ekoitzitakoa. Saio bakoitzaren atzean nor dagoen ikusi ahal izango dugu, guztiak ordezkatuta egongo baitira biharko ekitaldian. Kolaboratzaileak ere ez dira faltako, gure saiootan ohiko kolaboratzaile izaten ditugunetako batzuk ere hurbilduko baitira hitzordura. Azken finean, biharko ekitaldiaren helburuetako bat irratia osatzen dugunon eta entzuleen arteko harremana bertatik bertara bultzatzea izango da. 11ispilu saioa egiten duen Rafa Ruedak abesti batzuk joko ditu eta, ondoren, zizka-mizka batzuk hartuta, plazer duenak Anje Duhalderen Lagun Artean Kantari saioaz gozatu ahal izango du.

Bilbo Hiria irratiko ekoizpenak diren eta egun asteko programazioa osatzen duten 17 saioak honakoak dira: Artayorran, Berbaz, De mica en mica s’omple la pica, Eremuz Kanpo, Gaur ez dago eskolarik, Hizpidea, Ibaizabal Magazina, Kingston Hiria, PIK-NIK, Piperpolis, Potto, Soinugela, Xerezaderen artxiboa, Ze eingou asteburuan, Zebrabidea, Sarean zehar eta Zientzialari.

Aurten 18 urte bete dituen irrati euskaldun txiki honetan, gure xumean, apurka-apurka, hobekuntzak egiten saiatzen ari gara. Iaz webgune berria jarri genuen martxan, .eus domeinupera igarota, eta aurtengo hobekuntza teknikoen artean, zuzeneko seinalea webgunetik bertatik entzuteko aukera azpimarra dezakegu, programa berezirik behar izan gabe. Irrati saio bereziak egin ditugu, bakarrik edo beste irrati batzuekin elkarlanean, Durangoko Azokan, Korrikan eta Aste Nagusian esaterako. Whatsapp ere jarri berri dugu martxan, (+34) 644 499 554 zenbakian, entzuleek guri informazioak zein galderak helarazteko eta lehiaketetan esku hartzeko aukera emateko.