Campos antzokiak Udal Musika Eskolako urte amaierako kontzertuak hartuko ditu

uriola.eus 2016ko eka. 13a, 08:50

Beste urte batez, Musika Eskolak aurtengo urte akademikoa agurtuko du gaur eta bihar, ekainak 13 eta 14 Campos Antzokian eskainiko dituzten kontzertu biren bidez. Emanaldiak 19.00etan hasiko dira eta eskolako ikasleek irakasleekin batera hartuko dute parte.

Etorkizuneko musikari gazteek, senideen eta publikoaren aurrean haien talentua erakusteko aukera izango dute estilo ezberdinetako konposizioekin, une oro musikarekiko duten maitasun eta errespetua transmitituz.

Aurtengo errepertorioan, kontzertuak entzutera hurbilduko diren pertsonek, Shostakovichen Lyric Waltz, Itoiz euskal rock talde historikoaren Lau Teilatu, ABBA musika talde suediarraren Mamma Mia, Oasis talde britaniar bereziaren Whatever edo bertoko kantautore den Mikel Urdangarinen Txatxamatxalinatxu lanak entzun ahal izango dituzte besteak beste.

Sail guztietako irakasle eta ikasleak Campos Antzokiko eszenatokira igoko dira, estilo guztiak barne hartzen dituen musika saio bikoitz honetan. Gitarra, txistua, saxoa, klarinetea edota akordeoia bezalako instrumentuek, taldean joko dute bateria, perkusioa, ahotsa edota pianoa bezalako instrumentuekin lagunduta. Gazte eta Haur Abesbatza, Orkestra Txiki, fanfarria edo eskolako Banda entzuteko aukera ere izango da. Sarrera librea izango da baina gonbidapena behar izango da. Gonbidapenak (2 pertsonako) jadanik eskuragarri daude Campos Antzokiko txarteldegian.

Publikoak musika formazio ezberdinekin gozatuko du. Orain amaitzen den ikasturte honetan, BilbaoMusikako 50 irakaslek, 1.750 ikasle ingururi eman dizkie eskolak, formazioa eskaintza anitz eta zabal bati esker.

Informazio gehiago hemen.