2015eko irailaren 14an, Ertzaintza astelehenero Kirruliren txokoan egiten den euskal presoen eskubideen aldeko mobilizaziora hurbildu zen "bertan zeudenen aurka oldartuz". Auzoko presoen irudiek terrorismoari gorazarre egiten zietela argudiatu eta zazpi pertsona identifikatu zituzten. Bertan zeuden 40 lagunen arabera, "bultzaka eta irainduz" ibili ziren.
Orain, urtebetera, zazpi identifikatuetatik hiru Auzitegi Nazionalean epaituak izango dira terrorismoa goraipatzea egotzita. Gertaera honen aurrean, Solidarioak Libre plataformatik argi utzi nahi izan dute "elkartasuna ez dela delitua" eta haien senide eta lagunek "preso jarraitu bitartean, eskubide urraketak salatzen zein haiekiko maitasuna adierazten" jarraituko dutela.
Ondorioz, gaur arratsaldean, "bidegabea" den egoera salatzeko, elkarretaratzea deitu dute 20:00etan Indautxuko plazan.