Udalak Abusuko historia landuko duen erakusketarako argazki bilketa hasi du

uriola.eus 2014ko eka. 18a, 09:00
Ondarea ezagutarazteko Bilbao Izan programak, 1980aren aurretik ateratako argazkiak jarriko ditu ikusgai Abusuko kiroldegian, funts propioetatik nahiz auzokoen bildumetatik aukeratutakoak. Gauzak horrela, argazkiak biltzeari ekin diote.

Hiriko ondarea ezagutaraztea xede duen Bilbao Izan programak, urte amaieran Bilboko Abusu auzoaren historia errepasatuko duen argazki-erakusketa osatzeko irudi bilketa abiatu du. Argazkiak 1980a baino arinagokoak izan behar dira. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Abusu Sarean eta Andre Berri elkarteekin, Abusu zentro soziokulturalarekin, liburutegi-sarearekin eta Bilbao Kirolak erakundearekin elkalanean, erakusketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu argazki pertsonalak uzteko prest dauden auzoko lehengo eta oraingo bizilagun guztiak. Jasotako material guztia ikusgai jarriko da (inprimatutako kopietan nahiz pantailan proiektatuta) Abusuko kiroldegian azaroaren 26tik aurrera.

Bilbao Izan programak Bilbo eta Arrigorriagaren artean kokatuta eta banatuta dagoen auzo honen historia zabaldu nahi du, udal funtsetatik nahiz partikularren bildumetatik aukeratutako irudien bitartez. Dokumentazio horren bidez, auzoak 83ko uholdeen aurretik zeukan itxura gogoratu ahal izango da, baita antzinako herriko jaiak, tranbia zaharra eta bertako saltokiak ere, besteak beste. Erakusketaren komisarioa, UPV/EHUko Historia Garaikideko Sailean irakasle dabilen Susana Serrano, Historia Garaikideko doktorea izango da.

Formatu digitaleko argazkiak bidali nahi dituztenek www.expobilbaoizan.net webgunera edo cultura@ayto.bilbao.net posta elektronikora igor ditzakete; irudiak eskaneatu behar dituztenek, aldiz, Abusuko zentro soziokulturalera eraman ahal dituzte uztailaren 18a arte —astelehenetik barikura, 16:00etatik 20:00etara bitartean—, edota Ibaialdeko udal liburutegira, uztailaren 14tik irailaren 26ra —astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:45ra bitartean—, baita udako oporren ostean ere, irailaren 1etik 26ra, Abusun berriz ere.

Bilbao Izan programaren barruan, antolatutako aurreko erakusketetako, Errekalde, Basurtu, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako eta Deustu eta Begoñako elizateetako historia errepasatu da, arrakasta handiz errepasatu ere, tokian tokiko gazteen ikusminari adinekoen oroimena eta nostalgia gaineratu baitzaizkie. Iaz, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalari buruzko erakusketa 60.000 pertsona inguruk bisitatu zuten Erriberako Merkatuan.