Euskal Kopako irabazle Lacturale Orvina taldea

uriola.eus 2014ko ira. 8a, 10:04

Abusuko kiroldegian joan den larunbatean jokatu zen Emakumezkoen Areto Futboleko Euskal Kopa jokalari nafarrek eraman dute etxera, gipuzkoarren kontrako final oso lehiatua 4-5 irabazi ondoren.

Emakumezkoen areto futbolean lehenengo mailan aritzen diren bi taldeak, Estanda Ordizia eta Lacturale Orvina, buru-belarri aritu ziren azken segundurarte borrokan, Abusuko kiroldegira hurbildu zen jendeari ikuskizun bikaina eskainiz.

Kopa honek, Stilo Kirol Klub bilbotarrak antolatua, Euskal Herri osoko taldeak biltzea izan du helburu. Giro onean maila altuko partidak eskaini ditu eta emakumezkoen areto-futbolean kalitate handia dagoela frogatu du.

Osotara  sei taldek hartu dute parte, Gasteizko Konbinatua azken uneko baja izanik, Stilo B-Kirol Konbinatuak ordezkatua.

Honakoa izan da Emakumezkoen Areto Futboleko Euskal Kopako sailkapena:
1. Lacturale Orvina (Nafarroa)
2. Estanda Ordizia (Gipuzkoa)
3. Bilbo CFS (Bizkaia)
4. Stilo B – Kirol Konbinatua (Bizkaia, Gasteizko Konbinatuaren ordezkari)
5. Stilo Kirol kluba (Bizkaia)
6. Iparraldeko Konbinatua

 

 

Argazkia: Stilo Kirol Kluba