Gaur irekiko dituzte Maison 13 etxe okupatuko ateak

uriola.eus 2014ko mai. 30a, 09:00
21:00etan, Maison 13k hiritarrei ateak irekiko diztikie bigarren aldiz. Zuzeneko musikaz eta inprobisazio esperimentalaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren lagunek. Ekainaren 6 eta 7an, aldiz, etxebizitzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte ibilbide berriari ekiteko.

Maiatzak 16an, Dendarikaleko 30. zenbakian dagoen La Maison etxea okupatu zuten berriro ere. Gaurkoan, gaueko 21:00etan, zuzeneko musika eta inprobizazio esperimentalarekin ateak irekiko dizkio berriro ere, jendarteari. Era berean, ibilbide berri honekin hasteko, gazteek etxebizitzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte ekainaren 6an eta 7an.

Alde Zaharraren erdialdean dagoen eraikina "higiezina eta espekulazio adibide garbia" dela diote Maison 13tik. Hainbat urtetan hutsik egon ondoren, 2010eko udan gazte talde batek eraikinaren zati bat berreskuratu zuen indar sozial handiko etxebizitza kolektibo bat bihurtuz. Hala ere, 2012ko maiatzaren 8an Ertzaintza eraikinera bertaratu, han zeuden lagunak kaleratu eta La Maison hustu eta hormatu zuen.

Gune horren berreskurapena ez dela egun batetik bestera gertatu diote eta Erribera 13 eraikinean egin bezala, hainbat behar soziali erreparatuta, lau markoren inguruan lanean egin dutela: etxebizitza kolektiboak aurrera eramango dituen eraikin hutsak okupatzea; aisialdi alternatiborako egitasmoak indartzea, ikasketa autogestionaturako proiektuak sortzea; eta jendarte lankidetzan oinarritutako eta soldatapekoak ez diren lan moldeak ezartzea.

Erribera 13an gertatu zen bezala, hausnarketa horiek elkar bat egin eta La Maison 13an ere egitate bihurtu direla diote. Gauzak horrela, ibilbide berria etxebizitza gaiaren inguruko jardunaldiekin hasiko dute; izan ere, "Bilbon 17.000 etxebizitza huts baitaude eta etxe kaleratzeak pairatzen dituzten lagunak gero eta gehiago baitira".

Jardunaldiak ekainaren 6an eta 7an egingo dituzte Maiso 13 eraikinean eta hiritar orori bertaratzeko deia luzatu diote "elkarrekin hausnartu eta gure bizitzak autokudeatzeko tresnak hartzeko".