Jarduera fisikoa adinekoen kontua ere badelako

uriola.eus 2014ko eka. 4a, 08:30
Argazkia: Ibon Areso
800 pertsona baino gehiago izan ziren atzo Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak antolatutako ‘Osasuna adineko pertsonentzat’ programaren ikasturte amaierako jaian, Areatzako aterpeetan.

Ikasturteari agur esan diote irailera arte programan parte hartu dutenek. Programa horren helburua da adineko pertsonen artean jarduera fisikoa, sozializazioa eta bizitza osasungarriko ohiturak sustatzea.

Hitzordua 10:30ean hasi zen Areatzako aterpeetan eta bertaratuek hainbat jarduera izan zituzten aukeratzeko: tai jia, trebetasunen zirkuituak, luzatze-ariketak eta dantza koreografiatuak. Ibon Areso alkateak berak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Programa beteranoa

Zahartze aktiboaren aldeko ‘Osasuna adineko pertsonentzat’ programa ondo errotuta dago, Osasun eta Kontsumo Saila orain dela 29 urte hasi baitzen antolatzen, dohainik, 65 urtetik gorako pertsonentzat. Programa hau 22 lekutan egiten da, hau da, barrutietako auzo-etxeetan, kiroldegietan eta uriko beste ekipamendu batzuetan.

2013-2014 ikasturtean 3.150 pertsonak hartu dute parte jardueretan; horietako %87 emakumezkoak izan dira, batez beste 76,5 urtekoak. Astean behin edo bitan bildu ohi dira euren adinera egokitutako ariketa fisikoa egiteko. 88 taldetan egon dira banatuta eta talde bakoitzean monitore gaituak egon dira eta eurek dinamizatu dituzte saioak.

Horrez gain, ikasturte osoan Osasunerako Hezkuntzari buruzko kanpainak ere gauzatu dira; oraingo honetan, zahartze aktiborako ohitura osasuntsuak aztertu eta sustatu dira.

Programa hau aukera ezin hobea da adineko pertsonek bizitzeko ohitura osasuntsuak eurenganatu ditzaten, era honetako topaketek alderdi ludikoa eta sozializazioa ere bultzatzen dituztela ahaztu gabe.