Aukeran Dantza Konpainiak 'Geltokia' lana eramango du Arriaga Antzokiko oholtzara

uriola.eus 2015ko urt. 30a, 10:15

Enrique Santiagoren eszena zuzendaritzarekin, Aukeran Dantza Konpainiako bederatzi dantzarik Edu Muruamendiaraz koreografo eta konpainiako zuzendariaren koreografiak eskainiko dituzte. Miren Agur Meabe idazlearen gidoiak eta Xabier Zeberioren musikak sakontasuna eta erritmoa gehitzen diote ikuskizun ederrari.

Aukeran Dantza Konpainia, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak sortutako eta zuzendutako konpainia donostiarra Arriaga Antzokira itzuliko da, Geltokia, bere azken ikuskizuna antzezteko, datorren igandean, otsailaren 1ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Aukeran taldearen proposamen eszeniko berria da Geltokia, aurreko sorkuntza lanen ildo estilistikoari eusten dion ikuskizuna, dantza eta musika tradizionalaren erritmoa eta arauak apurtzeari, aldatzeari, moteltzeari edo desegituratzeari dagokienez. Izan ere, dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajea da konpainia horren lan koreografikoa definitzen duena. Beti mugitzen eta hizkuntza freskoaren eta egungoaren bila ari den konpainia.

Enrique Santiago da Geltokia lanaren eszena zuzendaria. Lan indartsu horretan Edu Muruamendiarazen koreografiek bizia eta mugimendua ematen diete gidoia egin duen Miren Agur Meabe idazlearen testu sakon eta iradokitzaileei. Horrez gain, erritmoa are eta gehiago indartzeko, ikuskizunak Xabier Zeberioren jatorrizko musika du.

Lanak lehen mailako talde artistikoa du, eta dantzari taldea ere ez da makala, izan ere ikus-entzuleak harrituta utziko dituzten gazte moldakor bikainek osatzen dute: Amaia Basilio, Garazi Egiguren, Ander Errasti, Ioritz Galarraga, Ione Iriarte, Axier Iriarte, Ekain Kazabon, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun.

Aukeran Dantza Konpainiak bere ikuskizuna Arriaga Antzokian erakutsiko duen hirugarren aldia izango da. Lehenengoa 2010eko otsailean izan zen, Gernika lana eszenara ekarri zuenean, eta bigarrena hurrengo urtean, 2011ko ekainean, Aukeran eta Arriaga Antzokiaren artean ekoiztutako Burnia lana estreinatu zuenean.

Geltokiari buruzko gogoeta

Miren Agur Meabe berak, alegia, Geltokia antzezlanaren gidoilariak, honela aztertzen du dantza-ikuskizun eder hau: “Bizitza bidaia gisa ulertuta. Maletak, norbanakoaren eta norberaren probabilitateak biltzen dituen metafora, kohesio-elementua dira guztiontzat berdintsuak diren indarrak eta gaitasunak jarduten duten bizi-prozesuan. Bidaiari bakoitza, bere ekipajea aldean daramala, lekuz aldatzen da. Halaxe, xake-taulako lauki zuri-beltzen txandakatzeak zera adierazten du, binomio kontrajarri eta osagarrien arteko tirandura: denbora eta espazioa, gau eta eguna, maitasuna eta galerak…

Jokoan estrategia, hausnarketa, aurrerapausoak eta geldiuneak biltzen dira, baita aurkariaren kontrako borroka ere, batzuetan norberaren baitakoa izanik.

Eta azken tartean —oroimenaren adinean, zeinetan bakardadeak hainbeste izen dituen—, maleta higatuak, husteko zorian. Joandako aldia luzea da, eta denbora dorpeki desegiten da. Erlojuek gure izate iragankorra erretratatzen dute. Geltokia, azken batean, erbesteratze baten hasiera da: geraleku bat zoriontasunean, eternitateari uko-egitea”.