Atzo Sarri, gaur Sarri, bihar Sarri

uriola.eus 2015ko mar. 4a, 08:30
Argazkia: @bilbozaharra

Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandiaren letrekin egindako abestiekin jolasean aritu ziren. Gaur, Jesus Egigurenen txanda izango da Bilbo Zaharra Forumen.

Euskaltzaindiako areto nagusia bete-bete egin zen atzo arratsaldean, pleno egiteraino. Pozik agertu ziren Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradunak, Joseba Sarrionandiak idazketa munduan eman dituen 35 urteak ardatz dituen forumaren antolatzaileak. Ikusmin handia piztu zuten Maialen Lujanbio bertsolariak eta Harkaitz Cano idazleak bilbotar literaturzaleen artean, zalantzarik gabe.

Lujanbio eta Canok ez zuten huts egin, entzuleak ondo asebete zituzten abesti bilakatutako Joseba Sarrionandiaren hamar poematan oinarritutako hamar testu propio irakurriz. Lehenik kantua, euren testuak gero. Borobil prestatu eta lotutako ekitaldia.

Gaur, martxoak 4, 19:00etan, Jesus Egigurenek hartuko du hitza. Egigurenek funtsezko zeregina izan zuen PSE-EEk eta Batasunako kideek izan zituzten bileretan. 2013ko apirilean, berak eta Batasunako bozeramaile ohiak, Arnaldo Otegik, Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko Gernika Saria jaso zuten, "Euskal Herriko bakegintzaren alde egindako ekarpenagatik".

Azken saioa martxoaren 5ean izango da, 19:00etan hau ere, eta Joxe Azurmendik parte hartuko du bertan. "Botereak hasiera-hasieratik sarraskiak baino ez ditu eragin, bata bestearen atzetik. Irrazionaltasunaren kateaketa luze bat da historia". Moroak gara behelaino artean entseguaren bidetik abiatu eta Historia, arraza, nazioa liburuan oinarritutako hitzaldia eskainiko du. 

 

Bilbo Zaharra Forum 

[2015/03/03] Sarrionandiaren 35 urteko idazlanak aztergai Bilbo Zaharra Forumean