'Egunsentiaren Kantak' musika-ikuskizuna Arriagara helduko da igandean

uriola.eus 2015ko mar. 4a, 09:30

Datorren igandean kontzertu berezia eskainiko dute Arriaga Antzokian bederatzi euskal musikarik. Egunsentiaren Kantak izeneko ikuskizuna Pier Paul Berzaitz abeslari zuberotarrak bultzatutako egitasmoa da eta harekin batera nortasun handiko beste hiru kantari agertuko dira oholtza gainean; Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo. 

Lauren artean testu bikain bezain politak abestuko dituzte, lehen mailako bost musikari lagun izanda: Iosune Marin (gitarra), Michel Longaron (bateria), Txema Garces (kontrabaxua), Alan Griffin (flauta) eta ikuskizunaren zuzendaritza musikalaz arduratzen den Joxan Goikoetxea (pianoa, akordeoia eta teklatuak).

Izen baten aipamenak azaldu dezake testuen bikaintasunaren zergatia: Xabier Lete. Izan ere, Pier Paul Berzaitz eta Xabier Lete adiskide izatetik sortu zen proiektu hau. Egunsentiaren esku izoztuak izeneko Xabier Leteren azken poema liburuko hainbat poesia musikatzearen enkargua eman zion autoreak espresuki Berzaitzi, bere azken borondatea aitortzerakoan, eta Berzaitzek lan horri ekin zion, horretan bost urte eman dituelarik. Emaitza gisa, beraz, Egunsentiaren Kantak emankizunean ezagutzera ematen diren kantu eta abesti gehienak (bederatzi guztira) Egunsentiaren esku izoztuak hartatik aukeratutako testuetan oinarritutakoak dira. Horregatik, hain zuzen, testuen aberastasunari dagokionez gutxi gehitu diezaiokegu Literatura alorreko 2009ko Euskadi Saria edota Espainiako Literatura Kritikaren Euskarazko Poesiari dagokion Saria jaso zuen liburu horri buruz esan diren guztiei.

Sentiberetasunez eta sakontasunez beteriko sorta ederra gauzatu du Pier Paul Berzaitzek konposatu dituen kantuekin: Hiri maiteak, Esku hutsik hiltzen gara, Imanol Larzabal laguna zenari Nire aita zenari, Eternitatea, etabar.

Xabier Leteren liburuan oinarritutako kantuez gain, abesti tradizionalak ere eskainiko dira, hala nola dagoeneko euskal kantutegiaren klasikoak diren Berzaitz beraren Baratze bat edo Herria zain abestiak, eta baita Erramun Martikorena edota Imanol abeslarien doinuak ere bai. Laster, errepertoriotik hautatutako 13 kantuez osatutako CD bat argitaratzea da helburua.

Guztiak bat

Pier Paul Berzaitzek musika-proposamen hau emankizun kolektibo batean gauzatu du, abesti berriak eta zaharrak uztartzeko, Iparraldea eta Hegoaldea musikaren haritik batzeko, zaharrak eta gazteak eskenatokian biltzeko eta emakumeak eta gizonak elkarrekin kantatzeko.

Modu horretan, Pier Paul Berzaitzek bere ibilbidean zehar betidanik mantendu izan duen jarrerari eusten dio, alegia, bera tradizioaren jarraitzaile eta bultzatzaile amorratua izanik, jada idatzita edota abestuta zeudenak, aspaldiko emozioak, olerkiak, kantak eta ametsak, garaikide bilakatzen ditu.

Igandeko emanaldirako sarrerak 8,50 eta 25 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian