Aurreikuspenak gainditu dituen urteurrena

uriola.eus 2017ko urt. 30a, 11:39
Argazkia: 7Katu

Bukatu dira 7Katu gaztetxearen 10. urteurreneko ospakizunak. "Oso, oso pozik" daude gaztetxeko lagunak jendearen erantzunarekin. Aurreikuspenak gainditzeraino. 

Joan den larunbatean Solokoetxeko Zumarraga plazan zenbat pertsona bildu ziren zehatz esatea ezinezkoa bada ere, 7Katuko kideen esanetan, "asko" izan ziren bertaratuak. 2.000 inguru. Plazan paratu zuten karpan 650 lagunentzako lekua zegoen, metroko karratuko bi lagunentzako espazioa. Baina kontutan hartuta, topera bete zela, eta karparen kanpoaldean ere hainbat pertsona zeudela, "jendetza" batu zela esan daiteke. 

Goizean Irrien Lagunen saioa ikustera "pilo bat guraso seme-alabekin" hurbildu ziren. Bazkaltzera 250 pertsona inguru. Bazkalostean "geroz eta jende gehiago". Eta Egurra eta Kitto, Tremenda Jauria eta Bad Sound Systemen kontzertuak hasi zirenean, "zoramena izan zen". Jendea "etorri eta etorri aritu zen", gogoan du 7Katuko ordezkari batek. Egun osoko ospakizunak izan zuen erantzunak "aurreikuspenak gainditu zituen". Edalontzi eta kanbio gabe geratzeraino. 

Juergarako gogoa zuten batzuk, izan ere, asko azterketak bukatu berri zeuden. Beste batzuk, 7Katu gaztetxearen urteurrena ospatzeko gogotsu zeuden. "Bilboko gune okupatuen panorama ez da urtebete batzutako. Jendea pozten da 7Katu moduko irlatxo bat dagoelako. Hamar urte dira, eta lagun asko pasa da gaztetxetik. Data borobil honekin hurbildu dira 7Katurekin kontaktua galdu duten lagunak. Bere sentitu dute urteurrena".

Argazkiak: facebook.com/zazpikatu.gaztetxea

[2017-01-26] 7Katu: bizi eredu alternatiboak eraikitzeko eskola

[2017-01-23] Gaur hasi eta hilaren 29ra arte ospatuko dute 7Katu Gaztetxearen 10. urteurrena

[2017-01-16] Marruka eta miauka 7Katu gaztetxeak 10 urte bete ditu