Darwin Eguna ospatuko dute gaur Bidebarrietan

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 09:20

Charles Darwin, Alfred Russel Wallacerekin batera eboluzioaren teoriaren asmatzaileetako bat, jaio zeneko 208. urteurrena ospatuko du Udalak gaur, astelehena. Darwinen Egunaren programazioa jende guztiari zuzenduta dago, baina zorroztasun zientifikotik eta profesionaltasunetik. Aurtengo edizioan bi hitzaldi eskainiko dituzte, Ana Aguirre ikerlari eta Euskal Herriko Unibertsitateko genetika-irakaslearen eta Jesus P. Zamora UNEDeko Zientziaren Filosofia eta Logikako katedradunaren eskutik.

Ohikoa denez, hitzordua arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. Ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea, liburutegian bertan, gaurtik aurrera, lau sarrera pertsona bakoitzeko, gehienez ere. Leku guztiak betetzen direnean ez zaio inori aretora sartzen utziko, baina topaketa streamingez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

Darwinen eguna Udaleko Kultura Sailaren, EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Zirkulu Eszeptikoaren artean antolatutako ekimena da, CICbioGUNEren, Aula Espacio Gelaren, Bizkaia Fundazio Biofisikoaren eta El Correo egunkariaren laguntzarekin.

Hitzaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, Ana Aguirre Euskal Herriko Unibertsitateko genetika-irakasle eta Minbiziaren Biologia Molekular taldeko ikerlariak emango duen Las mil y una caras de la epigenetica hitzaldiarekin. Epigenetika izenez definitzen eta biltzen dira, sarri askotan gure bizitzeko estiloarekin estu lotuta dauden ingurumeneko gai kutsagarrien eraginez gure geneen adierazpenean gertatzen diren aldaketa nagusiak.

Azken urteetan bi ikerketa ildo izan dira Ana Aguirreren intereseko xede nagusiak. Alde batetik, aurrerapen genetikoek gizartean izan duten eragina, bioetikaren ikuspegitik, eta bestetik, Huntingtonen gaixotasunaren hasierako adina aldatzen duten geneen ikerketa.

Ondoren, arratsaldeko 19:45etik aurrera, Jesus P. Zamora UNEDeko Zientziaren Filosofia eta Logikako katedradunaren txanda izango da. The survival of the loveliest: Amor en perspectiva Darwiniana, hitzaldian, maitasuna, gizakiak ugaltzea eta medioaren mehatxuaren aurrean elkartzea posible egin zuen norbanakoaren eta espeziearen kontserbaziorako instintuaren egoera eboluzionatua baino ez dela dioen betidaniko Darwinen ikuspegitik haraindi joango da.

Jesus Zamora Bonilla (Madril, 1963), Filosofian eta Zientzia Ekonomikoetan doktore da, urte luzez irakaskuntza ertaineko irakasle izan da eta une honetan Zientziaren Filosofia katedraduna da UNEDen, eta Kazetaritza eta Komunikazio Zientifiko masterra ere zuzentzen du bertan. Argitalpen akademiko asko egin ditu, eta baita filosofiaren dibulgazio lanak ere. Horien artean azpimarragarriak dira La caverna de Platón y los cuarenta ladrones (2011) liburua eta, ia milioi bat bisitarekin gaztelaniaz idatzitako webgune filosofiko ezagunenetakoa den A bordo del Otto Neurath bloga.

Udalak Charles Darwinen jaiotza ospatzen duen hamaikagarren urtea da hau. 2007tik zientzia eta hedapen alorreko pertsona ezagunek hartu dute parte, Francisco J. Ayalak, Pilar Carbonerok edo Manuel Tohariak, besteak beste, eta, ondorioz, ezinbesteko hitzordu bilakatu da zientzia eta kultura zale guztientzat.