'Ohiberritze' ikuskizunak Zuberoako pastoral baten hoberena erakutsiko du larunbatean Arriagan

uriola.eus 2017ko ots. 16a, 08:35

Asteburuari begira Arriagak hainbat ikuskizun eskainiko ditu. Larunbatean, Ohiberritze ikusiko dugu, Atharratze Sorholüzeko herriak antzeztutako Jean Pitrau pastoralaren 12 eszena jasotzen dituen lana eta igandean, Kepa Junkera Sorgiñak taldearekin arituko da antzokia girotzen.

Euskal kulturak beteko du Arriaga Antzokia asteburu honetan, oso desberdinak baina oso interesgarriak diren bi ikuskizunekin. Larunbatean, otsailaren 18an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Zuberoako pastoralaren tradizioa helduko da agertokira, Jean Pitrau pastoraletik ateratako 12 eszena biltzen dituen Ohiberritze ikuskizuna antzeztuko duen Atharratze Sorholüze herriari esker. Orain denbora gutxi pastoral horrek ikus-entzuleen txaloak jaso ditu Pariseko Le Chatelet antzoki ospetsuan. Bertara joan aurretik, estreinaldia izan zen Atharratze-Sorholüzen, eta Otsagabian ere ikusi ahal izan zen ondoren. Pierre-Paul Berzaitzen musika duen Jean Pitrau pastorala, bere bizitza osoan nekazari txikien alde lan egin zuen eta Europako nekazaritza arloko sindikalismoaren aita sortzaileetakotzat hartua den Jean Pitrau (1929-1975) Atharratzearrari eskainitako omenaldia da. Ohiberritze lanak pastoral horren hoberena eskaintzen du, eta Dantzaren botzak pieza laburrarekin osatuko da. Azken pieza horrek Ttitika Recalten testuak ditu, eta Tehenta kanta taldeak eta Juhane Etchebesteren dantza konpainiak antzeztuko dute.

 

Kepa Junkerarekin hitzordua igandean

Euskal kutsu nabarmena izango duen musika asteburua igandean, otsailaren 19an, osatuko da, Kepa Junkeraren emanaldiarekin, oraingo honetan, abestu, dantzan egin eta mota guztietako perkusioak jotzen dituzten emakumez osatutako Sorgiñak taldeak lagunduta. Denen artean Maletak izeneko musika eta ikus esperientzia osatuko dute, antzinako tradizioen, munduko erritmoetan inspiratutako sorkuntzako musiken eta ikus-entzuleen energiaren arteko topaketa. Horrez gain, ikuskizunak gonbidatu bereziak izango ditu, Aitzol Atutxa aizkolaria, Karmele Gisasola harri-jasotzailea, Iturengo Joaldunak… beste ezusteko bikain askoren artean. Kontzertu berezi hori arratsaldeko 19:00etan hasiko da. 

Ohiberritze lana ikustera joateko sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian. Aldiz, Kepa Junkera ikustera joateko sarrerak 6,50 eta 21 euro artean eskuratu daitezke.