Mikel Gurrearen 'Soka' lana antzeztuko dute maiatzean Arriagan

uriola.eus 2017ko mar. 13a, 10:00

Maiatzaren, 9an (euskaraz) eta 10ean (gaztelaniaz), Arriaga Antzokiak Donostia 2016ko 'Antzerkigintza Berriak' proiektutik ateratako bigarren antzezlana jasoko du bere agertokian. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren (bertan estreinatu zen euskaraz otsailean, eta duela egun gutxi gaztelaniaz) eta Tanttaka Teatroaren ekoizpena eta Mikel Gurrearen testua daukan Soka lana da. 

Iñaki Rikarte protagonista duen Fernando Bernuesek zuzendutako antzezlanak, entrenamenduko sokarekin urkatuta 11 urteko bere ikasle baten gorpua aurkitzen duen gimnasia irakaslea erakusten digu. Gertatutakoaren erruduntzat hartzen duen ingurune guztiak baztertuta, kulparen eta erantzukizunaren arteko mugak erakusten dituen bilaketari ekingo dio Igorrek.

Antzerkigintza berriak

Soka lana, Donostia 2016 Fundazioak, Victoria Eugenia Antzokiaren, Gasteizko Principal Antzokiaren eta Arriaga Antzokiaren lankidetzarekin bultzatu duen eta SGAE Fundazioaren laguntza ere izan zuen 'Antzerkigintza Berriak' proiektuaren lehen edizioaren fruitu gisa sortu diren hiru antzezlanetako bat da. Beste lan biak Olatz Gorrotxategiren Coordenadas, Arriaga Antzokiak ekoiztua eta antzokian bertan estreinatutakoa 2016ko azaroan, eta Oier Guillanen Miss Karaoke, Gasteizko Principal Antzokiak ekoiztua eta datorren apirilean, 5ean, hain zuzen ere, bertan estreinatuko dena, dira.

Duela denbora gutxi bigarren edizioa martxan jarri duen proiektu horren helburua idazketa dramatikoa sustatzea eta sortzen ari diren dramaturgoei, arte eszenikoekin erlazionatutako profesionalei eta artearen beste alor batzuetatik etorrita sorkuntza eszenikoan sartu nahi duten sortzaileei antzerkirako bidea zabaltzea da. Victoria Eugenia Antzokiaren, Arriaga Antzokiaren eta Gasteizko Principal Antzokiaren konplizitateari esker, antzezlan horietako batzuk eszenatokietara helduko dira.

Ikuskizunerako sarreak 9 eta 15 euro artean erosi ahal dira www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.