Lau grebalari auziperatuen aldeko elkartasun bazkaria Olabeagan

prestaldizkaria 2013ko uzt. 19a, 10:12

Uztailaren 27an Olabeagako Amets Gorri kultur elkartean (Olabeaga kalea 36) bazkari eta kantautore saioarekin adieraziko diete elkartasuna lau grebalari auziperatuei.

M29ko grebako istiluen ardura leporatu dieten lau gazteek, horietatik hiru Deustualdekoak, jaso dute epaiketa data: irailak 11 eta 12. Elkartasuna ematen diharduen plataformako kideak babes bilketan ari dira auzoz auzo. Aste Nagusiko eta iraileko ekimen batzuk aurreratu dizkigute.

Ez zuten hain goiz espero Grebalariak aske! herri plataformako kideek Aitor, Irantzu, Jon eta Urtzi gazteen aurkako epaiketa. Jakinarazi dietenez irailaren 11n eta 12an izango da. “Atzeratuko zela uste genuen, akusazioa jaso zutenenik ez direlako sei hile pasa; oso goiz da eta intentzio osoz jarri dute epaiketa data uda ostean”, adierazi digute plataformako kideek.

Uztailaren hasieratik babes-adierazpenak eta atxikimenduak jasotzen dihardute http://grebalariakaske.wordpress.com orrialdearen bitartez. Horretarako manifestua argitaratu dute zazpi hizkuntzatan. Helburua ahalik eta “zabalpen handiena” ematea da.

Bilboko auzoetan ere ibili dira, bai Indautxun, Arangoitin eta Deustuibarran -auziperatuen auzoak-, bai Irala, Abusu eta Errekalden informazio mahaia muntatuz manifestua zabaltzen eta kamisetak saltzen. “Oso harrera ona” egin diete orain artean. Hurrengo, Santutxuko jaietan izango dira eta aurrerago San Inazio-Tellaetxeko jaietan, besteak beste.

Aste Nagusian ere

Bilboko Aste Nagusira begira hainbat ekimen prestatu dituzte. Txosnetan, esaterako, “Grebalariak aske!” banderolak eskegiko dituzte eta Areatzan informazio mahaia paratuko dute.

Abuztuaren 21erako, asteazkena, elkarretaratzea deitu dute plaza Biribilean. Kamiseta gorria jantzita parte hartzeko deia zabaldu dute. Ondoren, kalejiran ibiltzekoak dira txosna gunean eta Alde Zaharrean. Gazte Eguna denez jaietakoa asteazkena, Kaskagorri konpartsaren txosnan “prensentzia nabarmena” izango dute grebalariek. Ekimen “ikusgarri bat” ere aurreratu digute plataformako kideek egun horretarako.

Irailak 7

Epaiketa dataren aurreko larunbatean, irailaren 7an, mobilizazioak iragarri dituzte. Zehazteke dagoen arren, Arangoiti, Deustu, Erribera eta Indautxutik zutabeak irtengo dira Areatzarantz. Areatzan bukatu eta bertan egingo da ekitaldi nagusia.

Ibilbide luzea

2012ko ekainean Ertzaintzak Deustuko hiru gazte (Irantzu Yaldebere, Jon Telletxea eta Urtzi Martinez) eta Indautxuko bat (Aitor Fernandez) atxilotu zituen, martxoaren 29ko Greba Orokor egunean Bilbon gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuz.

Aurtengo apirilean zenbait komunikabidetara egindako filtrazioaren bidez jakin zen zeintzuk ziren lau gazteen aurkako zigor eskaerak: 42 urtetik gorako espetxe zigorra hirurentzat (14 urte inguru bakoitzarentzat) eta 18 hilabeteko lan soziala adingabearentzat, egun hartako istiluekin lotutako hainbat delitu leporatuz.

Hilabetera, maiatzean, Grebalariak aske! herri plataforma aurkeztu zen Deustun lau gazte inputatuei elkartasuna adierazteko.

Aitor, Irantzu, Jon eta Urtzi beren auzoetako jendarte mugimenduan lan handia egiten duten gazteak dira, eta Deustuko Greba Asanbladako kideak. Plataformaren arabera “zalantzarik gabe, horregatik erabiltzen dituzte turko-buru gisa”.

“Oso argi” dauka plataformak “kolpe errepresibo honek, beste askok bezala, bi helburu dituela: borroka sozialen kriminalizazioa eta desaktibazioa”. Horregatik “muntaia polizialari” amaiera ematea eta “auzia artxibatzea” exijitzen dute.

GREBALARIAK ASKE!

GREBALARIAK ASKE! KUÑA

INFO + GREBALARIAK ASKE! HERRI PLATAFORMA