Gure gorputza, gure territorioa, gure erabakia

Euskal Herriko Bilgune Feminista 2014ko mar. 8a, 08:52
Apaizek, epaileek, jakintsuen biltzarrek, jaungoikoek, legeek, medikuek, ohiturek, estatuek, e.a. egunero zanpatzen digute emakumeoi gure gorputza eta bizitzaren gain erabakitzeko dugun eskubidea, izan beharko genukeen aukera eta borrokatzen dugun nahia, alegia.

Gure gorputzak, hauskor, erabilgarri, objektu pasibo gisa hartzen dituzte botere gune politiko, ideologiko zein ekonomikoek. Eta horretarako, estatuek, kapitalismoak, patriarkatuak bitarteko anitz darabilte herrialde anitzetan emakumeon gorputzaren kontrolaren bitartez interes ideologiko, ekonomikoak eta ideologikoak erdiesteko. Gure territorioan, gorputzean, aske sentitu ez gaitezen irudikatzen gaituzte: printzesak, objektu erakargarri eta ez erabaki-askegarri gisa; etxeko lan eta zaintza lan guztien arduradun eta erreprodukziorako makina gisa; gure gorputzetan pastillez gainezka eta gure gorputzaren gaineko ezagutza ukatuz, gure burua zaintzeko gai izango ez bagina bezala; infantil, haurrak izango bagina bezala, zeinetan, gure bizitzetan, senar, mediku, aita-estatuen onespena, baimena behar dugun gure bizitzak burujabe bizi eta aurrera eraman ditzagun.

Egungo testuinguru sozial eta politikoak biziki arduratzen gaitu, kapitalismoaren, balioen, zaintzen krisiaren testuinguru honetan austeritate neurriak jarri dituzten martxan, zeinetan, urteetan borrokaren bitartez irabazitako eskubideak galdu ditugun, bizitza duin bat izatea gero eta zailagoa izanik. Egiturazko neurri murriztaile guztiek, emakumeen etxeratzea eta familia heteropatriarkala indartzea dute helburu. Austerilketek (egiturazko neurri murriztaile hiltzaileek) ezaugarritzen dituzte krisialditik ateratzeko politika guztiak. Eta hori gutxi balitz, eskuin muturrak, eliza kontserbadoreak bidelagun izanik emakumeon eskubideak murrizten ari da eta sexualitatea eta gure gorputzen gaineko kontrola areagotuz, kasu Gallardonek proposatutako lege aurreproiektua.

Hala, ofentsiba eskuindarra ikaragarria da. Gallardonek proposatutako aurreproiektua: Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa izenburu duena, emakumeon erabakitzeko eskubidea eta gure gorputzaren gaineko kontrola areagotzeko beste pausu bat da.

Beraz, gure gorputza, gure territorioa egunero da kolpatua, ukatua eta jazarria. Baina emakumeok, feministok, gure gorputzetan erabakitzeko eskubidea izan dezagun borrokatzen, jarduten, amesten jarraitzen dugu egunero. Horretarako ezarritako kontrol eta botere jazarpenaren aurrean bide zidorrak topatuz, bidean elkartuz eta elkarrekin bide zidorretako sasi eta oztopoei elkarrekin aurrera eginez. Euskal Herrian bizi garen emakumeon eskubideak zanpatzen dizkigute apaiz, epaile, jakintsuen biltzar, jaungoiko, lege, mediku, ohitura, estatuek; baina, askotan baita hauen konplize diren eta “legea betetzea” funtzio gehiagorik ikusten ez duten Nafar gobernu, Opus Dei, Jaurlaritzak ere. Beraz, emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea ukatzen duten lege, jarrera, diskurtso arrotzei, Gallardon-en legea kasu, desobedientzia egitea eskatzen diegu jendarteko eragile-agente desberdinei. Bestalde, martxoan Ipar Euskal Herrian bozkatuko diren herrietako hautetsiei ere galdetzen diegu emakumeok gure gorputzetan erabakitzeko dugun eskubidea bermatzeko zein neurri, politika, ardura hartuko dituzten. Honela, Euskal Herrian bizi garen emakumeon erabakitzeko eskubidea bermatu dadin bide orri bat zehazten joateko.

Gure territorioan aske, libre bizi nahi dugu! Gure gorputzetan aske, gure bizitzetan, bizi tokian, lurrean, herrialdean aske. Lege arrotzei muzin egin, eta gure herrian, emakumeok aske bizi gaitezen baldintzak jorratzen segi behar dugu. Honela, aurtengo martxoaren 8an egingo diren ekimen anitzetan parte hartzeko deia egiten dugu.