Ur-hodi handi bat apurtu, eta Santutxu eta Uribarri urik gabe utzi ditu

uriola.eus 2014ko mar. 17a, 19:26
Benito Fiz
Neurri handiko ur-hodi zahar bat apurtu da 18:00ak pasata Zabalbide kalea eta Zumalakarregi etorbidearen izkinan eta urik gabe utzi ditu Santutxu, Zumalakarregi eta Trauko inguruak. Udalak jakinarazi duenez konponketa 8-10 orduz luzatuko da.

Hodi "zaharra" eta "neurri handikoa" da arratsaldean apurtutakoa, Udalaren arabera. "Ezusteko" matxura izan da. Konponketa lanek luze joko dutela eta, ur-tangak ezarri ditu Udalak, ur ez edangarriarekin, Basarrate, Zumalakarregi, Trauko kaleko oinezkoentzako aldean eta Zumarraga plazan.

Auzokide batek jakinarazi digunez, "sarritan" apurtu ohi dira inguru horretan ur-hodiak. Baina gaurkoan beste ur ez da irten inoiz. "Ikusgarria izan da, kristorena, jendea ikaratu egin da", esan digu Zabalbide kaleko bizilagun batek.

 

Argazkia: Santutxuko AEK

Erlazionatuak