Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko dinamikaren motorra berotzen ari da Bilbon

oua 2014ko mar. 19a, 10:42
Miribilako bazkaria
Aurreko asteburuan Deustun eta Miribilan egindako esku erraldoiaren osatzearekin eta ondoren Urretxindorra ikastolako frontoian egin zen bazkariarekin abiada hartu du ekimenak Bilbon. Ostegunean hitzaldi bana dute Indautxuko eta Txurdinagako auzokideek. Larunbatean, berriz, Esku Erraldoia egingo dute Arriagan. Datorren 29rako ekitaldi nazionala iragarri dute Bilboko Etxetxuan.

Eguraldia lagun, Miribila-San Adriango Gure Esku Dago taldeak egun ederra antolatu zuen pasa den larunbatean Miribilan. Eguna kalejira batekin hasi zuten. Ordu biak aldera esku erraldoia osatu zuten bertako plazan. Ondoren, 200 pertsona inguru batu ziren Urretxindorra ikastolako frontoian sagortegiko menua dastatzeko.

Deustun ere, esku erraldoia egin zuten larunbatean San Jose jaien egitarauaren baitan eta bertan ere jendetza batu zen ekainaren 8ko hitzorduari babesa agertzeko.

Aste honetan bertan hitzaldi bana antolatu dituzte Indautxuko eta Txurdinagako Gure Esku Dago taldeek. Lehenengoan Jesus Mari Larrazabazal, Iñaki Zarraoa, Iñigo Landa, Gabirel Ezkurdia, Dani Gomez eta Sonia Gonzalez solasean arituko dira Ane Zabalak moderatzile lanak egingo dituelarik. Erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzen izango da Indautxu hotelean, ostegunean, arratsaldeko 20:00etan jorratuko duten gaia.

Txurdinagan, berriz, Kataluniako bideari emango diote garrantzia. Horretarako bi pertsona gaian oso jantziak arituko dira, alde batetik, Amparo Lasheras soziologoa eta, batez ere, haren kazetari ibilbideagatik ezaguna eta bestetik, Fermi Rubiralta Hospitalet de Llobregateko Historian lizentziatu eta Zientzia politikoetan doktore euskalduna. Fermik hainbat liburu eta artikulo idatzi ditu kataluniako mugimendu independentistari buruz. Txurdinagako hitzordua ostegun honetan arratsaldeko 18:45ean izango da Birjinetxe eskolako areto nagusian.

Larunbatean esku erraldoia osatuko da Arriaga plazan goizeko 11:30ean. Iragarri duten eguraldi txarrari aurre egin beharko diote bilduko diren lagunak. Txalapartariek, dantzariek, musikak, bertsolariek , grafiteroek eta abarrek girotuko dute eguerdia eta bilbotarrek metroak erosteko aukera izango dute.

 

Martxoaren 22an ere bigarren hitzordu bat dago; Bilbo Zaharreko Gure Esku Dago taldeak erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia antolatu baitu. 11:00etan, auzokideen iritzia batzen duen bideoa grabatuko dute; 15:00etan, herri bazkaria egongo da; 17:30ean, tailerren txanda; eta 18:30ean, batiko jolasetan parte hartzeko aukera emango dute. Ekintza guztiak Bilbo Zaharreko plazan egingo dira.

Amaitzeko hilaren 29an ekitaldi nazionala egingo da Bilbon arratsaldeko 17:30ean La Casilla aretoan. Bertan parte hartuko dute alderdi ezberdinetako politikari ezagunek eta kulturako eta abarreko pertsona esanguratsuek. Hainbat ezusteko izango direla zabaldu da. Arratsaldeko 16:30ean kate erraldoia osatuko dute Arte ederretako museotik La Casilla aretora.

Gure Esku Dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da, 2013ko ekainaren 8an hasi zena. Euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea duena hasierako helburu. Ezaugarria: anitza eta parte-hartzailea izatea, tokian tokiko ekimenei aterkia eskainiz. Erabakitze eskubidearen alde indarrak metatu nahi dituzte Euskal Herrian bizi den gatazka politikoaren iturburua delako, aldarrikapen prepolitikoa delako, oinarri demokratiko bat sortzearen alde.

Gauzak horrela, 123 kilometro; horixe da Durango eta Iruñea artean dagoen tartea eta Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 8rako antolatu duen giza katearen luzeera. Eskuz esku, herritarrek osatuko dute kate hori, 50.000 lagun baino gehiago batzeraino.