Bilbotarrek elkartasuna adierazi diote Venezuelari

uriola.eus 2014ko mar. 21a, 09:48
Jendetza hurbildu zen atzo arratsaldean Arriagako plazan "Estatu kolpeari ez, Venezuela Aurrera!" lelopean, Venezuelaren aldeko eta estatu-kolpearen kontrako elkartasun-elkarretaratzean parte hartzeko.

Herri mugimendu, sindikatu, alderdi politiko zein kolektibo ezberdinek elkarretaratzea burutu zuten atzo arratsaldean, “Nicolas Maduroren gobernua indarrez eroraraztea helburu duen desegonkortze-operazio eta kolpe leuna” salatzeko.

Diotenez, “ikus-entzunezko gerra biziak saiakera hori zilegitzen du. Hedabideek herritarren gutxiengo bat aurkezten dute Venezuelako herritzat –goi edo erdi-klaseko populazioa, inguru aberatsetako ikasleria- eta eraldaketa-prozesuaren aldeko gizartearen gehiengoa, ordea, isilarazi egiten dute. Aipatu prozesuaren ondorioz pobrezia erdira murriztu da Venezuelan 15 urteko denbora-tarte eskasean; horretarako, petrolio-errentaren inbertsio-soziala baliatu dute, lehen gutxi batzuen esku zegoena”.

“Kolpe-leun” egoerak gerra latza ere badakarrela diote eta “patronalak merkantziak metatu egiten dituela horniketarik eza eta inflazioa sorrarazteko; eta oposizioak kontrolaturiko udalerrietan eraso sistematikoak gertatzen direla kaos ekonomiko eta errepresio mezu nahasiak zabalduz”.

Venezuelako Iraultza Bolivartarra “garrantzi handiko pieza” da nazioarteko agertoki geopolitikoan; eta ondorioz, “berau eroraraztea heburu estrategikoa da Estatu Batu eta Europar Batasunarentzat”. Gauzak horrela, haien “esku-hartze inperialista” salatzen dute.

Diotenez, Venezuelan euren etorkizuna, berdintasun eta justiziaz eraikitzeko eskubidea da jokoan dagoena. Beraz, Euskal Herritik elkartasun aktibo eta iraunkorrerako luzatu diete.