Ane Morales: "Haserre, nekatuta eta nazkatuta gaude ikasleon zein herri honen hitza inoiz ez entzuteaz"

uriola.eus 2014ko mar. 25a, 15:20
Hego Euskal Herriko ikasleek greba orokorra egingo dute ostegunean, martxoak 27. Kalera aterako dira Euskal Eskola Nazionala aldarrikatzera eta LOMCE, Heziberri edo “Estrategia Universitaria 2015” bezalako erreforma "zaplatzaileak" errefusatzera. Ane Moralesek, Ikasle Abertzaleakeko kideak, grebaren nondik norakoak gertutik azaldu dizkigu.

- Martxoaren 27an Hego Euskal Herriko ikasleek greba eguna egingo duzue. Zeintzuk izango dira kalera aterako dituzuen aldarriak?

Hasteko, zapalkuntzaren bidez aplikatu nahi dizkiguten bai hezkuntza erreforma, bai sistema honen beraren aurka egiten dugu eta gurea den hezkuntza bat aldarrikatzen dugu. Haserre, nekatuta eta nazkatuta gaude ikasleon zein herri honen hitza inoiz ez entzuteaz eta gure onerako baino gure okerrerako izango diren erabakiak hartzeaz; horrela bizi dugun gizarte patriarkala eta kapitalista bere horretan mantentzen saiatzen ari dira. Horregatik, guk herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza baten alde egiten dugu. Hezkuntza bat non gure kultura errespetatua izango den eta herria izango den honen gainean erabakiko duena. Guk hezkuntza euskaldun, feminista eta ezkertiar baten alde egiten dugun, non herria izango den protagonista.

- Espainiak eta Frantziak indarrean duten egungo hezkuntzak zer suposatzen du euskal gizartean?

Ba gaur egun ezarria dagoen hezkuntzak, kapitalismoan pieza bat gehiago izateko hezten gaitu, euskalduntzea bermatzen ez duten ereduak sustatzen dira, zazpi lurraldeak batzen dituen jakintza eta ikuspegi oro baztertu edo kontzeptu bezala ukatzen dute, patriarkatuaren biziraupena bermatzeko rol eta identitate banaketetan hezten gaituzte… eta orain inposatu nahi diguten LOMCE, Heziberri edo “Estrategia Universitaria 2015” bezalako erreformen bidez zapalkuntza guzti hauek muturreraino eraman nahi dituzte.

- Denbora daramazue LOMCE lege organikoaren aurka lanean. Hainbat izan dira egindako manifestazioak, protestak, hitzaldiak, aldarrikapenak... zertaz desberdintzen da greba egun bat? Zer suposatu dezake egun horrek?

Denbora daramagu LOMCE salatzen eta gure borroka propioak aldarrikatzen, baina uste dugu hau askoz haratago doala, aplikatzen dituzten erreforma guztiak ez dira eraso isolatu bat. Estatu mailan krisi politiko bat gertatzen ari da eta Madrilgo gobernutik datozen eraso guzti hauek hezkuntza ereduaren pribatizazio eta merkantilizazio estrategia sakon baten baitan ulertu behar ditugu. Horregatik, Martxoaren 27a ez dugu greba egun bat bezala bakarrik ikusten, egun honetan ikastetxe, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetan borrokatzen ibili garen borroka lokal guztiak kalera aterako ditugu. Baina ez dira hor geratuko, epe luze eta laburrera erreforma eta erronka asko ditugu oraindik eta prestatzen joan behar gara beraz, hau hasiera besterik ez da izango. Ikasleok kalera ateratzen garen momentutik aurrera joango gara testuinguru bat sortu arte non, ikasle boterearen bidez sistema hau sostengaitza izatera iritsiko den.

- Ikasleon iritzia kontuan hartuko dutelakoan zaude?

Zalantza handiak ditut. Uriarte eta Iribas hezkuntza kontseilariei eskaera egin genien gurekin, ikasleokin, bilera bat izateko eta denon artean herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza baten gainean hitz egiteko, baina ez digute kasurik egin. Baina entzun nahi ez bagaituzte ez dezatela pentsa haien erreformak onartuko ditugunik, ez gara etxean geratuta.

- Greba orokorraz gain, otsailaren 25etik mobilizazio egoera iraunkorra burutu du IAk. Ze ekintza egin dituzue?

Hilabete hauetan zehar hainbat ekintza burutu dira zentroetan. Ikastetxeek haien borroka propioen alde borrokatu dute eta horiek izan dira nabarienak: ikasle gelaren alde, Greba eskubidearen alde, komunak zabaltzearen alde, klasean hitzaldiak eman ahal izatearen alde… borroka txiki guzti hauek dira euskal eskola nazionala sortuko dutenak eta hori da gure helburu gorena.

- Bilbo mailan ekintzarik egon al da?

Bai. Bilboko ikasleok gure ikastetxeetako egoera ikusita manifestu bat idaztea pentsatu genuen guretzat funtsezkoak diren 5 eskakizunekin: LOMCE ez aplikatzea, ikasleok biltzeko espazio bat izatea, greba eta paro eskubidea, ikastetxeko erabakietan ikasleon parte hartzea, klase orduetan hitzaldi eta solasaldiak eman ahal izatea hauek edozein gairi buruz izan ahal direlarik. Eskakizun hauen gainean lanean ibili gara ikastetxe bakoitzak urratuen zeukan eskubidea defendatuz eta ikastetxe gehienetan ikasle asanbladak sortu dira, hauek izan direlarik borroka hauek aurrera atera dituztenak. Aurreko ostegunean, Martxoaren 20an, parodia bat egin genuen Hezkuntza Delegaritza aurrean LOMCEk ekarriko diguna salatuz.

- Zein egitarau antolatu duzue greba egunerako?

Goizean 3 zutabe egongo dira: 11:30etan arriagatik, 11:30etan sanitik eta 12:00etan san mamesetik. Hauek goizeko manifestaziora abiatuko dira, 12:30etan, Jesusen bihotzetik ikasle eztandaren izenean joango dena. Arratsaldean beste manifestazio bat deitu dugu, hau 18:30etan aterako da Plaza eliptikotik Arriagara. Bilboko ikasleak bertan egongo gara gure eskubideak defendatuko ditugu, hortzak erakutsiko dizkiegu eta hezkuntza propio baten alde egingo dugu!

- Greba eguna eta gero zer?

Greba ostean ez da dena amaituko, lanean jarraitzeko intentzio handia dugu eta horretarako, apirilaren 12an jardunaldi batzuk antolatu ditugu bilbon. Jardunaldi hauetan gai desberdinak tratatuko dira, hala nola, emakumearen omisioa zientzia guztietan, historia klase zapalduen ikuspegitik, ikasle mugimenduaren borroka eta alternatibak, Unibersitat comunista dels països catanals… Gai guzti hauetan gure helburua tresna berriak ezagutzea da borrokak praktikara eraman ahal izateko. Ikasleeztanda.net web orrian kartelak eta informazioa dago eskuratu daiteke.