“Proiektu handien aroa amaitu da eta auzoak berritzeko garaia heldu da”

bertonaldizkaria 2014ko api. 8a, 11:08
Itziar Bravo, Gloria Diez eta Jennifer Perez Mahatserriko auzoak berriztatzeko hainbat proiektu aurkeztu dituzten arkitekto gazteak dira. Udalak antolatutako Bilbao Txokoak lehiaketan proiektu onenaren saria irabazi dute. Hain zuzen, Iturribideko eskailerak berritzeko proiektuagatik.

Deustuko ikastolan eta La Sallen ikasi ostean, Donostian arkitektura ikasketak egin zituzten hirurek. Orain, lanik ez dutenez, auzoak berritu nahian dabiltza buru-belarri.

Zelan bururatu zitzaizuen Bilbao Txokoak lehiaketan parte hartzea?

Jennifer: Proiektuaren hasieran lau ginen: Itzi, Lara, Glori eta laurok. Donostian ikasi genuen Arkitektura, klase berekoak ginen, eta azkenean pisu berdinera joan ginen bizitzera. Unibertsitatea amaitutakoan Bilbora itzuli ginenean kontaktua apur bat galdu genuen. Gloria arkitektura lehiaketa guztietaz enteratzen da, eta laurok batera parte hartzea proposatu zigun, eta batera lan egiteari ekin genion. Zazpi proiektu atera genituen guztira, sei lauren artean, eta Iturribidekoa, Larak ezin izan zuen parte hartu, eta justu irabazi genuena izan zen.

Nola egin zenuten eta zeintzuk dira ‘Iturribide, Iturriberde, Iturribizi’ proiektuaren berezitasunak?

Itziar: Sinpletasuna, irisgarritasuna eta eraginkortasuna, horiek ziren gure proiektuaren ardatzak. Lehenengo proiektuetan gauzak asko pentsatu genituen, larregi behar bada. Iturribiderena egitean gutxiago ginen, eta lasaiago hartu genuen. Beste lanen esperientzia kontuan hartuta, Udalak zer nahi zuen apur bat bagenekien. Kalea behetik gora oinez egin genuen, ideiak botatzen, eta behera bueltatzerakoan guztia zehaztu genuen.

Jennifer: Berdearekin jolastea izan zen gure ideia. Iturribide igotzeak mendi bat igotzea dirudi, eta berdeak ematen duen alaitasuna eta bizitasuna bilatzen genuen. Kale estua eta iluna da, eguzkiak gutxi jotzen du normalean eta eskailera asko ditu. Loreak eta eserlekuak jarri nahi genituen kale iragaitza izan ez zedin eta inork kalea pasatzeko trabarik izan ez zezan.

Gloria: Kalea eta ingurua nahikotxo ezagutzen genuen eta han bizi den jendea ere ezagutzen dugu, orduan kalearen gabeziak argi genituen: espaloien estutasuna, berde eza, etxeetara eta igogailuetara sarbide latza... kale osoan zehar ibiltzeko eta bertan gelditzeko gogoa sortzen saiatu ginen. Horretarako, zenbait ideia proposatu genituen: espaloiak zabaldu, etxeen sarrerak argitu eta ahal izanez gero plataforma igogailua sartu, tunelen itxura aldatu eta erakusketarako erabili, plazak eta eskailerak berritu... eta guztia lotzeko lorategi bertikalak proposatu genituen.

Udalak proiektua aurrera eramateko engaiamendua hartu du?

Itziar: Ez, tamalez ez. Bartzelonatik ekarri dute lehiaketa honen ideia. Partaide guztien lanekin geratzen dira eta aurrera eramateko edota gura dutena aldatzeko aukera gordetzen du Udalak. Nahi dutenean obrak hasi ditzakete. Lan guztietako ideiak hartzen dituzte eta proiektu onena saritzen dute, gero beraien planak eta baliabideekin alderatzen dute.

Jennifer: Gure proiektua beraiek emandako aurrekontuan bikain egokitzen zen. Lehiaketan atera zituzten kale guztiek berritzeko premia dute, kale zaharrak ziren guztiak, apur bat hondatuta daudenak. Gure proiektua eginda ikusteko eta Iturribide kale eder bihurtzeko esperantza daukagu.

Zer suposatzen du arkitekto gazteentzat lehiaketa hau irabazteak?

Itziar: Curriculumean beste lerro bat idaztea, askorik ez. Egunkari batzuetan proiektua irten da gure izenekin batera eta informazio guzti hori bildu dugu gure curriculuma hornitzeko. Lehiaketa hau irabazteagatik ez ditugu arkitektura estudioetako lan eskaintzak jasoko, baina esperientzia zabaltzeko ondo datorkigu.

Jennifer: Arkitektura estudio batzuk lehiaketa berdinean parte hartu zuten, eta gutxienez gure izenekin eta lanarekin gera daitezke. Beharbada ez gaituzte kontratatuko, baina hor gaudela eta lan on bat egiteko gai garela jakin dezakete. Horrekin kontsolatzen gara.

Obra handiak Bilbo erdian egin dituzte, eta orain auzoen berriztatzeari ekin diote. Zein da gure auzoen egoera?

Jennifer: Auzoak berriztatzeko garaia heldu da. Horregatik sortu dituzte proiektuak ikusteko lehiaketa hauek. Dorre eta eraikin handien garaia amaitu da, edota krisiak horrekin amaitu duela esan genezake. Orain gauzak berritzeko eta proiektu txikien ordua da. Auzo batzuk berrikuntza sakon baten beharrean daude, eta Deustun, Santutxun eta Txurdinagan obra txiki batzuk egiten dabiltza.

Gloria: Bilbo marka osatzean erdialdean kontzentratu ziren. Auzo batzuk arazo handiak dituzte, bai urbanismo aldetik bai sozial arlotik, eta krisiak egoera larritu baino ez du egin. Auzotarrok gure auzoa inork baino hobeto ezagutzen dugu. Horregatik, aktiboa parte hartu behar dugu. Udalaren eta hiritarren arteko komunikazioa erraztu beharko litzateke.

Itziar: Arkitektura estudio asko lan txikietan buru-belarri murgildu dira. Orain dagoen lan apurra auzoen eta etxebizitzen berriztatze lanetan dago. Azken finean beti izan da horrela, arkitekto gehienek horretan lan egiten dute, lan handiak izen handientzako izaten direlako.

 

Bilbon lan egin dute, besteak beste, Calatrava, Gehry, Soriano, Pelli, Isozaki, Starck eta Fosterek. Euskal Herrian ez daukagu horien maila eman dezakeen arkitektorik?

Jennifer: Maila askok eman dezakete, azkenean gertatzen dena zera da, izenak obra baino gehiago erakartzen duela. Zuk margolan eder bat egin dezakezu, eta inor ez da zure lana ikustera etorriko. Picasso batekin ordea, nahiz eta bere obra onena ez izan, Picasso bat izaten jarraitzen du, eta jendeak Picasso ikusi gura du. Arkitektoen mundua antzekoa da, izenak asko erakartzen du, eta horrek herri guztietan obra horien hedapena sustatu du.

Gloria: Noski badaukagula, Euskal Herrian arkitekto onak ditugu, gure herrietatik bueltatxo bat emanez gero kontura gaitezke. Baina betikoa gertatzen da, kanpokoa hobetzat hartzen da.

Zaha Hadid izango da Zorrozaurreko proiektua aurrera eramango duena, Emakumeak arkitekturan gero eta indar gehiago daukazue? Zein da zuen egoera?

Itziar: Arkitekto estudioen izenak, izenak baino ez dira. Barruan lan egiten dutenen artean parekotasuna da nagusi. Unibertsitatean ere neskak gehiago ginen. Datorren urteetan joera aldatuko da, eta neskak izango gara nagusi. Ez daukagu mutilen eta nesken arteko liskarrik, arkitekturan dena taldeka egiten da, elkarlanean, eta guztion iritzia eta ideiak batzea beharrezkoa izaten da lan on bat egiteko.

Diseinuaren Munduko Hiriburu izateko (WDC 2014) finalera heldu zen Bilbo, munduko hiri onenekin dago Bilbo arkitektura mailan?

Jennifer: Maila baino gehiago, aldakuntza da Bilbok eskaintzen duena. Zelan aldatu daiteke urte gutxitan hiri industrial bat gaur eguneko hiri moderno eta kosmopolita batean. Aldakuntza horrek munduko herri guztietako begiradak erakartzen ditu eta Bilbo besteentzako eredu bihurtu da. Hala ere Bilbok lehenengo mailako eraikuntzak ditu, horretaz ez dago zalantzarik.

Zein da Bilbon gustukoen duzuen eraikuntza?

Jennifer: Nire eraikinik kutunena Euskalduna jauregia da. Deustutik ikusten den lehenengo eraikina da, txikitatik ikusi dudana eta barrutik ere oso ederra da. Itsaontzi baten barruan zaudela ematen du, sentsazio berezia da niretzako.

Itziar: Nik ostera Bilbon gehien gustuko dudana Alde Zaharra da. Aspaldiko etxeak dira, elkartasuna eta beroa ematen dutenak. Bilbotar guztiak pasa dira bertatik, obra eder bat da bere osotasunean. Bizi-bizia da, beti jendez beteta gora eta behera begiratzen, Alde Zaharretik paseatzea gustukoa dut.

Gloria: Nik Moyua plaza dut gogoko, baina kokapenagatik batez ere. Bilboko erdi-erdian zaude eta mendiz eta berdez inguratuta zaudela ikus dezakezu. Botxoan bizi gara eta.

Puntu beltzak ezabatzea da egungo helburu nagusia. Zeintzuk dira zuentzako Bilboko leku txarrenak?

Jennifer: Lehiaketan atera ziren kaleak ziren auzo ezberdinetan txarren zeuden lekuak, eta berrikuntza behar dutenak. Nik, adibidez, San Frantzisko auzoan aldaketak egingo nituzke. Bilboko erdigunean dagoen auzoa da, aukera asko dituena, eta alde batera utzi dutela dirudi. Bilbo Zaharrean, Iralan, Miribillan... aldaketa aunitz egin dituzte, baina San Frantziskotik ez dira pasatu. Aukera asko dituen auzoa da berritzen badute.

Gloria: Asko aipa ditzakegu, espekulazio puntuak adibidez, edota eraikin eta leku itsusien puntuak: Zubiarte eta San Mameseko autopista sarrera berria. Aipatu beharra dago, EHUko Leioako fakultateak, berria izan arren, erorketak izan dituela.

Zein da arkitekto baten ametsa?

Itziar: Norberak egindako proiektu bat bukatuta ikustea (denak ados). Proiektu bat egiteak denbora asko ematen du. Gero aurkeztu, onartu eta aukeratua izan behar da. Udalak edota gobernuak aurrera eraman behar dute, horrek urteak daramatza. Zuk landutako ideia, zure barnetik ateratakoa, zure begiekin ikusteak dakarren dardara, hori da arkitektoek bilatzen duguna. Eta gure amesgaiztoa eraikin hori erortzea da, noski!

 

Testua: Iker Elorriaga

Argazkiak: Iñigo Azkona