Gure Esku Dago dinamikak spot herritarra grabatuko du ekainaren 8rako

uriola.eus 2014ko api. 22a, 15:54
http://gureeskudago.net/eu/
Datozen egunetan, Gure Esku Dagok spota grabatuko du herriz herri; ekainaren 8an Euskal Herrian egingo den erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea indartzeko asmoz. Bilbon igandean, apirilak 27, izango da grabaketa, Guggenheim museoaren sarreran.

Iruñeako Labrit multimediarekin elkarlanean, ekainaren 8ko giza katerako spoterako irudiak grabatuko dituzte datozen egunetan. Besteak beste, grabaketak, Bilbon, Baionan, Donostian, Gasteizen, Bardeetan eta Iruñean izango dira; eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Irudiak grabatuko dituzten herri bakoitzean 100 lagun inguru batu nahi dituzte “erabakiaren aldeko hautua egiten”. Antolatzaileek esan dutenez, “ez da aparteko gaitasunik behar, herri ekimen honek duen aparteko izaera hori besterik ez”.

Gauzak horrela, parte hartu nahi duten pertsonek mezu bat bidali beharko dute harremana@gureeskudago.net helbide elektronikora. Bilboko grabaketa igandean, apirilak 27 izango da, goizeko 09:00etan, Guggenheimeko sarreran eta goiz osoa iraungo du.

Beste hainbat grabaketa egun egongo dira herri eta hiri ezberdinetan:

  • Apirilak 26, 12.00etan Baiona ttipian, Kontseilu Orokorraren pareko pentze handian (16.00ak arte).
  • Apirilak 28, 10.00etan Donostian, Kursaal parean, Gure Esku Dagoren egoitzan (goiz osoa).

  • Apirilak 29, 09.00etan Bardeetan, Castil de Tierran (goiz osoa). 

  • Apirilak 29, 15.00etan Gasteizen, Letren fakultatearen parean.
  • Apirilak 30, 09.00etan Iruñean, Erdigunean (goiz osoa).

  • Apirilak 30, 14.30ean Berriozarren, Eguzki Plazan.