Harro ibiltzeko bertso-bazkaria

uriola.eus 2015ko urt. 23a, 11:00

Harrobia Ikastolari dagokio maiatzaren 31n 'Harro ibili' lelopean Bizkaiko ikastolen jaia, Ibilaldia, antolatzea. Maiatzeko hitzordua baino lehen asko dira Bilbo Zaharrean kokatuta dagoen ikastolak antolatuko dituen ekintzak.

Besteak beste, otsailaren 7rako, larunbata, prestatu duten bertso-bazkaria Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Bazkariaren aurretik eta ondoren ere ondo pasatzeko aukera izango da Harrobian. Izan ere, egun osoko egitaraua osatu dute ikastolako lagunek.

Hitzordua 13:00ean ipini dute Harrobia plazan. Bertatik abiatuko da triki poteoa auzoan zehar Mariaren Bihotza plazan bukatzeko.

14:30ean hasiko dira bazkaltiarrak mahaiaren inguruan jesarri eta jan-edanean. Indabak edukiko dituzte bazkaltzeko, eta postrea, noski.

Bazkalostean, dantza baino hoberik ez dago triparatua ondo ligeritzeko. 18:00etan hasiko da horretarako erromeria.

 

Txartelak

Hainbat lekutan eskura daitezke 12 eurotan bertso-bazkarirako txartelak. Esaterako, Harrobia Ikastolan, Abusu Ikastolan, Urretxindorra Ikastolan, Bihotz Gaztea Ikastolan (Santurtzi), Betiko Ikastolan (Leioa), Eguzki Begi Ikastolan (Galdakao), Itxaropena Ikastolan (Trapaga) edota Zubi Zaharra Ikastolan (Balmaseda).

 

ibilaldia@ikastola.net

www.ibilaldia.eus