2015eko inauteriak

Aratuste busti eta ezberdinak

uriola.eus 2015ko ots. 16a, 10:06

Inauteri eredu berriak ez du esperotako arrakasta izan Bilbon, neurri handi batean, eguraldiagatik. Iaz baino euri gutxiago egin duen arren, etengabeko zirimiriak parte-hartzea lausotu du.

Joan den larunbatean Bilboko Kale Nagusia ibilgailuentzat itxita egon zen goizetik gauera. Oinezkoentzat, bilbotarrentzat topagune izan nahi zuen, inauterietan dibertitzeko espazio zabala, traba gabea. Gainera, ondo pasatzeko hainbeste ekitaldi antolatuta zeuden adin guztietako lagunentzat. Goizeko eta arratsaldeko jarduerak indartzeko ahalegin berezia egin baitu Jai Batzordeak aurten. Baina aterperik gabe, ez zegoen bertan egoteko girorik. Eguraldi bustiari ausart aurre egin zietenak konpartsak izan ziren batik bat. Eguerditik aurrera batzen joan ziren konpartsakideak euren sormen, kolore, kritika eta aldarrikapenak mozorroekin erakutsiz. Karrozak, oraingo honetan baztertu egin zituzten.

Denetik. Denetik izan zen Bilbon. Entzutegi Nazionaleko loteriako zozketan ibili ziren umeak, beganismoaren aldeko mezuak zabaldu zuten Bejeta pertsonaiak, parrilan erretako Genovako txorizoak, Anarkiaren seme-alabak edota euskarazko komunikabideentzat babesa eskatzen zuten itsasoko arrain eta urpekariak.

17:00etatik aurrera Plaza Biribileko eszenatokian kokatu zen 2015eko Bilboko mozorrorik onenak saritu zituen epaimahaia. Bertan zeuden, besteak beste, Goizalde Landabaso Farolin eta Juan Carlos Bilbao Zaranbolas. 40 bat talde izan ziren epaimahaiaren aurretik pasa ziren parte-hartzaileak; konpartsa, koadrila eta norbanakoak. Desfilea ez zen ohi bezalakoa izan. Laburra izan zen, oso. Plaza Biribilaren inguruan pilatuta zeuden taldeak Kale Nagusian epaimahaiaren aurretik noiz pasako zain. Bertaratu ziren ikusle askok ohiko desfilea espero zuten, eta ez zuten mozorrotutako taldeak ondo ikusteko modurik izan.

19:30ean, ordurako ilunduta, epaimahairen azterketa denek pasa ostean, Plaza Biribilean geratzen ziren konpartsa eta taldeak nahas-mahasean jaitsi ziren Areatzara.

Plaza Barrian sariak banatu zituzten. Altxaporrue konpartsak 'Inpernuko akerrak' mozorroarekin eskuratu dute mozorro onenaren saria eta Moskotarrak konpartsako hegalariek eszenaratze onenarena. Ostean, Asier Bilbaok hartu zuen lekukoa Plaza Barriko eszenatokian.

 

Sariak

Konpartsen artean eszenaratze onenak: 1. saria Moskotarrak. 2. saria Kaskagorri. 3. saria Pinpilipauxa.

Konpartsen artean mozorro onenak: 1. saria Altxaporrue. 2. saria Pa Ya!. 3. saria Bizizaleak.

Banakako sari onenak: Indioa, Pilarreko amabirjina, King Kong, Las palomitas baby, Los Joses, Udazkeneko Uzta eta Pinky pigs.

 

Igandea

Euria barra-barra bota bazuen ere, Plaza Barrian 70 bat lapiko indaba aurkeztu zituzten atzo 9:00etatik arratsaldera arte arkupetan eta karpapean babestu ziren sukaldariek. Txistu eta danbolin soinu artean dantzan ibili ziren beste animotsu batzuk. 18:30ean Beti Jai Alai Dantza Taldeak ikuskizuna eskaini zuen.

 

Sardinaren erreketa bihar

Otsailak 17, asteartea, arratsaldeko 19:30etatik aurrera iritsiko da Inauterietako unerik tristeena. Sardina erretzearen unea  izango da. Gorpua Plaza Barritik Arriaga plazaraino eramango dute eta bertan, su emango diote.

 

Argazkiak: Iñigo Azkona