2015eko inauteriak

Goizalde Landabaso: "Inauterietako eredu berriak funtziona lezake, baina denbora eman behar zaio"

uriola.eus 2015ko ots. 18a, 10:09
Argazkia: Klaus Armbruster

Aste “bitxia” izan da Goizalde Landabasorentzat joan dena. “Hasieratik eta amaierara”. Aratusteak barrutik ezagutzeko aukera eman dio Farolin izendapenak. Eta hori “ez da beti gertatzen”, dio. Beraz, “aste bikain” moduan laburbiltzen du.

“Oso arin” eta “oso bete” bizi izan ditu Goizalde Landabaso kazetari deustuarrak 2015eko Bilboko inauteriak Farolin pertsonaiaren larruazalean. Hamaika gauza egin ditu, eta esperientzia “oso dibertigarria izan da”. Harritu egin du “zein lan handia egiten duten konpartsek eta zein ondo koordinatuta dauden”. Eta ondoen non pasa duen? Bada, “oso ondo pasatu nuen epaiketan”. Arduratuta zegoen kantatu beharko zuela eta. "Esan zidatelako ‘froga bereziak’ jartzen zituztela. Eta horrek apur bat ikaratzen ninduen, nik ez dudalako oso ondo kantatzen. Beraz, jakin nuenean ez nuela kantatu behar lasaiago geratu nintzen”.

Plaza Barrian, Farolin eta Zaranbolasen aurkako ‘epaiketan’ Hortzmuga antzerki taldekoek “lan ona” egin zutela esan dio URIOLAri Goizaldek. “Guk, beharbada, apur bat zapuztu genuen”. Udaletxetik Plaza Barrira ‘epaituak’ eramateko Hortzmugak erabili zuen tramankuluarekin “liluratuta” geratu zen, “itzela” zela. Eszenatokia ere “ederto baten zegoen atonduta eta egokituta”, eta “agian, epaiketan, jendearen parte-hartzea gehiago sustatu beharko litzateke” galdera jaurti du airera Goizaldek norbaitek erantzun dezan.

Epaiketaren sententziari buruz ere galdetu diogu.

- Errudun ala errugabe zara? -URIOLAk-.

- Errudun naiz, errudun. Eta harro esaten dut: errudun naiz -Goizaldek-.

 

Inauterietako eredu berria

Jai Batzorde Mixtoak inauteri eredu berriaren aldeko apustua egin du aurten. Hiru gunetan eguneko egitaraua indartuz eta Kale Nagusia ibilgailuentzat itxi eta hiritarrei zabalduz. Goizalderen ustez eredu horrek “ondo funtziona lezake”. “Parte-hartzaileak diren jaiak beti zureago sentitzen dituzu, parte hartzeko modua duzulako, eta gauza asko antolatzen dira. Jai gune bat sortzea eta horretan hamaika ekitaldi egotea ideia oso oso ona dela iruditzen zait. Aurton (be), ba euriak ez du askorik lagundu. Baina iruditzen zait ereduak funtziona lezakeela. Baina denbora eman behar zaio. Esan nahi dut Aste Nagusiak oso ondo funtzionatzen du baina hamarkadak daramatza. Aratuste berriei ere bidea egiten utzi behar zaie”.

Goizaldek argi du: “Herritar eta hiritarron eta bertaratzen garenon parte hartzerako bidea zabaltzen duen edozer dela ona. Eta aratusteetan zerbait egin behar zen, zerbait asmatu”.

Eguraldiak, “zoritxarrez”, aurte ere eragin du bilbotarren parte-hartzean, “asko”. “Baina gu ez gara Tropikoan bizi, gu Euskal Herriko kostaldean bizi gara, eta toki euritsua da. Beharbada B plana pentsatu beharko dute beste urte batzuetarako”.

 

Euskararen erabilera

Ekitaldi publikoetan euskararen erabilera urria eta okerragatik zenbait lagun kexatu dira aurtengo inauterietan. Euskara “gehiago” erabili behar dela pentsatzen du Goizaldek. “Hobetu dela ez daukat zalantzarik, baina honetan ere konplexu barik sartu behar da hizkuntza. Bai ikusi dut presentzia urri samarra izan dela. Espero dezagun hau ere hobetuko dela”.