Korrika 19

Koldo Agirregomezkorta, AEK: "Korrika 19ren amaiera ikusgarria izatea espero dut"

uriola.eus 2015ko mar. 3a, 17:10

Hilabete baino gutxiago falta denean, hitz egin dio URIOLAri Korrika 19ren amaiera eguneko arduradun Koldo Agirregomezkortak martxoaren 29rako, Bilbon, AEK-k prestatu duen egitarauari buruz, besteak beste.

Martxoaren 29an, 12:30ean, San Nikolas elizara begira egongo dira 100.000 bat lagun inguru. Bertan paratuko du AEK-k eszenatokia Korrika 19ko lekukoak barnean duen mezua irakurtzeko. Ostean, Areatza osoa ekitaldiz bete nahian ari da Koldo eta lantalde zabala, Korrikari merezi duen amaiera emateko.

Azken egun hori "eskerrak emateko" hitzordua da Koldorentzat. "Aurretik hainbat langile eta boluntariok euskararen alde egindako lana eskertzeko". "Euskaraz" eta "poztasunez" gogoratuko den eguna izatea nahi du Koldok. "Oraindik lan asko dago egiteko, baina aukera badago horretarako". 

 

Martxoak 29

Hainbat gune eta gune bakoitzean hainbat ekimen antolatzen ari da AEK. Ripako kaia umeen gunea izango da, Areatzako kaia gazteen gunea eta mokofinen gunea, Sendejako Tingladoak atseden gunea, Arriaga plaza euskal tradizioen gunea eta Bilbo Zaharreko plaza bertako musika taldeak entzuteko gunea. Jatekoa, edatekoa, entzutekoa eta ikustekoa ez da faltako Korrika amaieran.

Nahi duenak Korrika 19ko kamiseta eta bestelako materiala eskuratzeko aukera izango du Areatzan bertan, Correoseko bulego ondoan, egun horretarako espresuki zabalduko den dendan. Aurreko Korrikako edizioetako materiala, berriz, tonbolan jokatuta eskuratu ahalko da.