Artigas inguruko mendia garbi dagoela dio Udalak, eta zikin jarraitzen duela EH Bilduk eta Berria egunkariak

uriola.eus 2015ko mar. 4a, 09:00
Argazkia: www.berria.eus

Jose Luis Sabas Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak Arraiz mendia "garbi" dagoela esan zuen atzo EH Bilduk eskatuta eginiko agerraldian. Otsailaren 2an ateratako argazkiak, plastikorik ageri ez den mendialdea erakusten duten argazkiak, aurkeztu zituen frogatzat. EH Bilduk "gezurra" dela erantzun dio, eta Berria egunkariak zikindutako eremuak "bere horretan jarraitzen duela" ziurtatu du.

Udalak aldiro ikuskatzen ditu bere lursailak, atzoko agerraldian Jose Luis Sabas zinegotziak jakitera eman zuenez, tartean Arraiz mendiaren bi behe-ibarrak ere, eta horiek garbi daudela esan zuen. Hori ziurtatzeko otsailaren 2an ateratako argazkiak, plastikorik ageri ez den mendialdea erakusten duten argazkiak, aurkeztu zituen frogatzat.

"Garbitu gabe jarraitzen du Artigas zabortegiaren inguruak", Berria egunkariak atzo argitaratu zuen albistearen arabera. "Bere horretan jarraitzen du zikindutako eremuak. Inork ez du garbitu, eta plastikozko poltsek janda dago oraindik".

Udalak emandako azalpenen aurrean, EH Bildu koalizioak "gezurra nagusi dela", adierazi du. Udalak Artigas inguruko mendiaren "garbiketa exijitu behar du", EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagaren hitzetan, "mendia berea izan edo ez", eta "isuna ezarri behar zaio arduradunari". Ibaibarriagak Artigaseko Tratamendu Mekaniko Biologikoko instalazioen eta zabortegiaren inguruko lurren planoa eskatu du, lur eremu horiek norenak diren zehazteko.

Joan den urtarrilaren 30ean Berria egunkariak argitaratu zuen albisteak hautsak harrotu ditu Bilboaldean. Orduan Artigas zabortegi alboko mendialdeak plastikoz beteta bi aste zeramala eman zuen ezagutzera egunkariak. Tratamendu Mekaniko Biologikoko planta geldirik zegoen eta "itxura guztien arabera, zaborra tratatu gabe bota dute, ez dute estali, eta haizeak mendira zabaldu du" zioen egunkariak.