Hileta-martxarekin "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena" irudikatu dute

uriola.eus 2015ko mar. 6a, 09:53
Argazkiak: ecuadoretxea.blogspot.com.es

Herritarren Kriminalizazioaren kontrako Plataformak Bilboko Kale Nagusia zeharkatu zuen atzo arratsaldean protesta eskubidearen eta adierazpen askatasunaren hileta irudikatuz; "oso murriztuak" izango diren bi eskubide, baldin eta 'Mozal legeak' bezala ezagunak diren lege erreformak onartu eta indarrean sartzen badira.

Sortu berri den Herritarren Kriminalizazioaren kontrako Plataformako kolektiboak, deialdiarekin bat egin duten adin guztietako herritarrekin batera, protestarako eskubidearen eta adierazpen askatasunaren aldeko hiletan parte hartu dute. Segizioa Plaza Biribiletik atera eta Kale Nagusi osoa gurutzatu du Moyua plazara arte.

Plataformak, eragile sozial ezberdinez osatua, salatu du Espainiako gobernua tramitatzen ari den lege erreformen multzoak "herritarron protestarako eskubidea murriztea" beste helbururik ez duela, "aldaketa sozialerako dugun tresna kriminalizatuz". Erreforma hauek, tartean tasa judizial berrien aplikazioa, Zigor Kodearen erreforma eta Herritarren Segurtasunerako Legearen erreforma, "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena" suposatzen dute.

"Protesta zibila gure gizartearen hobekuntzarako eta eraldaketarako, zein oinarrizko eskubideen aldarrikapenerako ezinbesteko bitartekoa da. Berau gabe hainbat aurrerapen sozial ezinezko izango lirateke, gaur hain oinarrizkotzat ditugun emakumeon bozka eskubidea edota langileon grebarako eskubidea kasu. Maila internazionalean ere aurki ditzakegu mundua aldatzen lagundu duten mobilizazio sozialak, Hegoafrikako apartheidaren abolizioa edo Indiako independentzia lortuz".

Plataformako kideek Plaza Biribilean azaldu zutenez, azken urteotan, "krisi eta murrizketa sozialen garaia" izanik, Estatuan mobilizazio sozialen eta protestarako molde berrien gorakada eman da. Eta horien aurrean "gobernuak, irtenbideak bilatu beharrean, errepresioarekin erantzun du".

Tramitera eraman dituzten lege erreformek suposatuko lukete, adibidez; poliziaren deklarazioa nahiko izatea hainbat jokabide zigortzeko, "epaileen aurretik pasatzearen aukera alboratuz"; eraikin bat eskalatzeagatik 600 euroko isuna jasotzea, 30.000 eurorainokoa parlamentuaren aurrean kontzentratzeagatik edota 6000.000 eurorainokoa Garoñara martxa baimenik gabe konbokatzeagatik.

Aurreikusten diren mobilizazioen artean, Herritarren Kriminalizazioaren kontrako Plataformak dei berezia luzatzen du martxoaren 28an, larunbata, Bilbon egingo de manifestaziora. "Ezin dugu onartu adierazpen askatasuna, protestarako eta mobilizatzeko eskubideak ezerezean uztea zigor ekonomikoen bidez. Errepresioarekin, zigorrekin eta gizartean beldurra hedatzearen saiakerarekin, ez dute lortuko kaleak hustea. Antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu 365 egun urtean, 24 ordu egunean".

 

[2015/03/05] Protesta eskubidearen "heriotzari" omenaldia gaur arratsaldean

[2015/02/26] 'Mozal legeari' aurre egiteko mobilizaziorako deia egin du gizarte eragileen plataforma berriak

[2015/02/26] 'Mozal legea' salatzeko 'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' aurkeztu dute gaur