'Iñigo Justizia' lelodun kamisetekin parte hartuko dute EH Bilduko kideek Cabacasen omenaldian

uriola.eus 2015ko mar. 25a, 13:00

Datorren ostiralean, familiak eskatuta, Udaletxeko Arabiar aretoan Iñigo Cabacas oroitzeko eta omentzeko ekitaldia ospatuko da. Aitziber Ibaibarriagak iragarri du EHBilduren zinegotziek 'Iñigo Justizia' lelodun kamisetak eramango dituztela ekitaldian.

EHBilduren bozeramaleak gogoratu du Cabacasen heriotza "legegintzaldi honen unerik zail eta gogorrena" izan dela. Ibaibarriagak ostiraleko ekitaldia hiru urteko "atzerapenarekin" datorrela azpimarratzeaz gain, "ekitaldiak berak 2012an Cabacasekin jazotakoa argitzeko, arduradun guztien izenak ahalik eta lasterren mahai gainean jartzeko eta polizia ereduaren inguruan eztabaida sakona irekitzeko baliogarria izan behar dela", aipatu du.

"Egun ez dago zalantzarik nork hil zuen Iñigo Cabacas eta gertaerak nola suertatu ziren, ostiraleko ekitaldia horren adibide argia da, aldiz, gauzak ez dira beti horrela izan", adierazi du Ibaibarriagak. Familiak Udala bezalako instituzioengandik jasotako tratu eskasa gogoratzeaz gain, EAJ, PP eta PSOEk sinatutako adierazpen instituzionala ere gogora ekarri du. Aipatutako hitzarmenak Cabacasen heriotza kirolaren inguruan dagoen bortizkeriaren baitan kokatzen zuen, "ordea, mundu guztiak zekien Iñigo Ertzaintzaren pilota batek hil zuela".

Hau guztia dela eta, EH Bilduren bozeramaleak espero du ostiraleko ekitaldi instituzionala EAJ eta gainontzeko alderdien jarrera aldaketaren ondorio izatea, "justizia eta erreparazio eskaerekin bat egiten has daitezen eskatuz". Honekin batera ere, 2012ko apirilaren 11n egindako adierazpen instituzional "lotsagarria" baztertu dezatela espero du: "Hau egingo ez balute, ostiraleko ekitaldia udal hauteskundeei begirako aurpegi garbiketa hutsa baino ez litzateke izango".

 

[2015/03/25] Cabacas omentzeko ostiraleko ekitaldiaren harira EAJri jarrera alda dezala eta Justizia eta Erreparazioaren eskakizunak bereak egin ditzala eskatu dio EHBilduk

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"

[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute