"Giza eskubideen defentsa eta presoen osasunaren asistentzia izan da zigortu dutena"

uriola.eus 2015ko mar. 26a, 12:30

Jaiki Hadiko kideek argi utzi dute atzokoa euskal presoen eskubideen alde lanean ari direnen aurkako operazioa izan dela eta elkarteak, espetxeetako asistentziaren inguruan inplikatzeko eskubidea duela. Gauzak horrela, Fernando Arburua eta Oihana Barrios Jaiki Hadiko lagunen kaleratzea eta Etxerateko Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigarrena exijitu dute. Larunbatean, manifestazioa deitu du Etxeratek 17:00etan Anoetako estadiotik abiatuta.

Guardia Zibilak euskal presoen eskubideen defentsan lan egiten duten lau pertsona atxilotu zituen atzo goizean; Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak laurak: Nagore Lopez de Luzuriaga Zamudion, Izaskun Abaigar Kanpezun, Fernando Arburua Donostian eta Oihana Barrios Iruñean.

Jaiki Hadik prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Bilbon eta Mikel Urra medikuak eta Oihane Andueza psikologoak hartu dute hitza. Bertan, Fernando, Oihana eta elkartea osatzen duten kide guztien profesionaltasuna aldarrikatu dute argi utziz, atzo Guardi Zibilak burututako operazioaren helburua elkartearen beraren kriminalizazioan oinarritzen dela, besteak beste. Mahaigaineratu dutenez, "egungo legedia eta espetxe arautegiaren arabera, gaixo dagoen edozein presok eskubide osoa du espetxez kanpoko osasun asistentzia jasotzeko". Honen aurrean, gogor salatu dute Arburua eta Barriosen atxiloketa "giza eskubideen defentsa eta presoen osasunaren asistentzia izan baita haien delitu bakarra".

Gauzak horrela, atzoko gertakizunaren aurrean, azpimarratu nahi izan dute, Jaiki Hadiko osasungintzako profesionalek burutzen duten lana profesionala dela; osasun fisikoa zein psikologikoa pertsona ororen oinarrizko eskubidea izanik, presoen kasuan ere eskubide horrek bere horretan jarraitu behar duela; segurtasunaren inguruko bermeek edota edozein espetxe politikak ezin dutela pertsonaren osasun arreta egokirako eskubidea eta giza eskubideen inguruko irizpidea urratu; eta elkartearen lana legediak babesten duela.

Bukatzeko, gehitu dute, informazio kliniko eta asistentzialaren konfidentzialtasunaren babesa kolokan egon daitekeela miaketen ondorioz eta esaterako, Barriosek gaixotasun psikologiko larriak dituzten hiru preso artatzen dituela eta hauek, asistentzia gabe geratuko direla.

Egoera horren aurrean, Jaiki Hadiren kriminalizazioa zein bere kideen atxiloketa gaitzetsi dute eta onarpen zein babes osoa eskaini diote bi atxilotuen lanari; euren zein Etxerateko kideen askatasuna eskatuz.

Presoen eta senideen eskubideen aldeko manifestazioa Donostian

Etxeratek gaur goizean Donostian eskainitako agerraldian, manifestazioa deitu dute etzi, larunbatean, 17:00etan, Anoeta estadiotik abiatuta, 'Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!' lelopean.

Elkarretaratzea Bilbon

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak deitu zituzten atzo arratsaldean Euskal Herriko zenbait hiri eta herritan. Besteak beste, Bilbon jendetza bildu zen Arriagan, 19:30ean, 'Elkartasuna aurrera' lelopean. Salatu zutenez, "Madrili min ematen dio presoei elkartasuna ematea Europan".