'Break on Stage' are ikusgarriagoa

uriola.eus 2015ko api. 24a, 09:15

Eszena urbanoko nazioarteko show ikusgarriekin gozatzeko aukera izango da larunbatean, hilak 25, Bilbao Arenan. 'Break on Stage' jaialdiaren iazko arrakasta ikusita -5.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren-, aurten ere musika, dantza, akrobazia eta kirol urbanoetako erakustaldi ugari izango dira.

Ikusleek, orotara, hogei show ikusgarriz gozatu ahalko dute kultura urbanoaren izar handi eta ezagunei esker, tartean Errusia, Alemania edota Txekiar Errepublikatik iritsitakoak. Besteak beste, break dance estiloko munduko txapeldun den The Predatorz talde errusiarra edota Scooter Freestyle mailan lehiatuko den Richard Zelinca txekiarra. Horrez gain, jaialdian Bilboko gazte ugarik osatutako ordezkaritza bat ere izango da, hainbat emanaldi eta modalitatetan. 

Dantza urbanoari dagokionez, une honetan sasoi betean dauden break dance estiloko bi talderen presentzia nabarmendu behar da: une honetan egun mundu mailako txapelduna den The Predatorz talde errusiarra, eta Infamous frantziarrak, Europako break dance talde onena. Horrez gain, punta-puntako emanaldiak ere eskainiko dira, esaterako Berlineko Sebastian & Honji bikotearena, edota Madrilgo Silvi R. Mannequeen artistarena, Vogue Dance Show ikuskizunarekin. Horrez gain, dantza urbanoko lau talde Bost Urban Dance Comp sariketan lehiatuko dira.

Akrobaziek eta kirolak bat egingo dute erakustaldi izugarrietan, tartean Scooter Freestyle (akrobaziak patineteekin), BMX Freestyle (akrobaziak bizikletarekin), Parkour & Street Stunt (hiriko altzariekin jauzi egiteko artea) eta Cyr Wheel modalitateetan (akrobazia eta dantza, akrobatak inguruan duen metalezko uztai batekin). Nabarmendu behar da Richard Zelinca txekiarra Scooter Freestyle atalean arituko dela, Daniel Peñafiel pilotu profesionala BMX Freestyle modalitatean eta Adan Perez, berriz, Parkourrean.

Kontzertuak 

'Break on Stage' jaialdia agurtzeko kontzertuetan Sevillako Shotta rap kantariak 'Flowesia' bere laugarren lana aurkeztuko du, eta Bilboko La Bandha del Patio rap taldeak hurrengo diskoko zenbait abesti eskainiko ditu; dagoeneko euskal hip hopeko erreferente bihurtu da La Bandha del Patio taldea.

Sarrerak

Sarreren prezioari dagokionez, hamar eurokoa izango da Internet eta Kutxabankeko kutxazainetan erositakoen kasuan, hamabi eurokoa leihatilan erosiz gero eta zortzi eurokoa K26 txartelaren bitartez eskuratzerakoan. Heldu batekin batera hurbilduko diren zortzi urtetik beherakoentzat sarrera doan izango da.

'Break on Stage' herritar guztientzat irekita egongo da, doan, BBK Aretoan. Ostiralean, hilak 24, 18:30ean, koreografien txapelketaz gozatu ahalko da, Urban Dance eta Experimental modalitateetan. Larunbatean, hilak 25, 15:00etan, break dance lehiaketa bat jokatuko da.

 

Informazio gehiago hemen: http://www.breakonstage.com