Erotismoari bueltaka Itxaro Borda, Edorta Jimenez eta beste

uriola.eus 2015ko api. 24a, 12:12

Gutun Zuria Nazinoarteko Letren Jaialdia azken txanpan sartu da Alondegian. Gaur ere aukera ugari izango da bertako eta mundu zabaleko idazle garaikideek aurtengo jaialdiko ardatz den erotismoaren inguruan berbetan entzuteko. 

Euskal literaturak ere ematen du erotismoaz gogoeta egiteko aukera. Harkaitz Canok, esaterako, irrika berezia du Itxaro Bordak Edorta Jimenezekin egitekoa duen solasaldia jarraitzeko: "Nik Itxaro Bordaren idazkera nabarmenduko nuke, beharbada ez erotikoa delako, baina bere idazteko erak badauka sensualitate bat, berben lilura hori ondo erabiltzen du".

Solasean: Edorta Jimenez eta Itxaro Borda, Iñaki Mendizabalekin

Apirilaren 24an, 19:00etan, Alondegiko auditoriumean

Edorta Jimenez

Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) maisua eta itsaslaria da lanbidez. Literatura-sorkuntzako hainbat esparrutan aritu da (fikzioa, poesia, kazetaritza, telebistako gidoiak, etab.), eta literatura eta, oro har, kultura sustatzeko jardueretan ere bai.

Ekoizpen ugaria du, batzuetan Omar Nabarro izengoitipean aterata, eta bizkaiera kultuaren erabilera eta dokumentazio-lan sakona ditu bereizgarri. Lan hauek nabarmendu behar ditugu: Itxastxorien bindikapena lehen poema liburua (1985), Piztien itsasoa thriller historikoko trilogia (1999-2007), Gerra Zibilari buruzko idazkiak, hau da, Azken fusila (1993) eta Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan (2003), eta bere bizitzari buruzko lanak, berak "burufikzioa" edo "norberari buruzko fikzioa" deitutakoa. Stock 13 (2009) lana dago ziklo horren barruan: egileak bere burua biluzi eta barne-barneko istorioak kontatzen ditu bertan.

Itxaro Borda

Itxaro Bordak (Baiona, 1959) Paueko Unibertsitatean lortu zuen lizentzia, eta Maiatz literatura-aldizkariko zuzendaria izan zen 1980ko hamarkadan. Ohiko lankidea da euskal egunkarietan, eta Ipar Euskal Herrian dauden euskararen aldeko mugimendu sozialetan.

Bizitza nola badoa lehen poema-liburuan (1984) berriz ez idazteko desira agertu zuen: “Trixte naiz nere bertsuekin / nahiago nuke sekula gehiago / beste bat ez egin”. Hala ere, gozamena ematen jarraitu du Basilika (1984), %100 basque (Euskadi Saria 2012) eta Urtemuga lehorraren kronika (1989) lanekin eta Bestaldean poema-liburuarekin (1991). Zure hatzaren ez galtzeko (2014) poema-liburua da egin duen azken lana, eta bizitzaz eta estetikaz duen esperientzia bildu du bertan.

2014an, Euskal Herriko hainbat agertokitatik ibili da, L'Orchestre Maigne konpainiarekin, Gu(haur) Arrotz(ak) / A n(o)us mêmes étrange(r)s musika eta literaturako ikuskizuna aurkezten.

Iñaki Mendizabal

Iñaki Mendizabal kazetaria eta hedatzailea Noticias Taldeko ‘Ortzadar' gehigarriko arduraduna da. 

 

Ilargiaren alde erantzian, 2015

Apirilaren 24an, 21:00etan, Alondegiko auditoriumean

Poesia eta musikako errezitaldia eskainiko dute, beren-beregi gaurko saiorako prestatua, Harkaitz Cano (idazlea), Joxan Goikoetxea (eskusoinua eta teklatua) eta Pettik (ahotsa eta gitarrak).

Erotismoak iradokitzailetik daukana aintzakotzat hartuta, hitzak, kantuak eta poemak ere, gauzak erakutsi baino, haiek ezkutuan mantentzeko erabili izan dira sarri. Metafora eta sinboloetatik abiatuz, euskal tradizioko kantuak, abesti propioak nahiz Nick Cave edo Lou Reed bezalako egileen bertsioak kateatzen ditu amorez eta umorez sortutako emanaldi honek. Sotilki abiatu eta gauak aurrera egin ahala gordinagotzen doan festa intimo bat.

Erotismoari gainean, idazle gipuzkoarrak uste du, ez dela erraza erotismoaz idaztea, "ezta gaur egun ere", tabuak "apurtu" diren arren. "Irudiz inguratuta bizi gara, interneten eszena erotikoak, pornografikoak, era askotakoak daude eta, orduan, badirudi dena erakutsi behar dela, galdu egin da ezkutatzearen eta erakustearen arteko joko hori".

 

www.alhondigabilbao.com