Bilbok 'Iberdrola Bilbao World Sup Challenge' proba jasoko du asteburuan

uriola.eus 2015ko eka. 12a, 08:30

Ekainaren 12an, 13an eta 14an 'Iberdrola Bilbao World Sup Challenge' lehiaketaren hirugarren edizioa ospatuko da Bilbon; mundu mailan Stand Up Paddle-eko (SUP) probarik nagusienetakoak itsasadarra hartuko du jarraitzaileen atseginerako. 

Ekitaldi honekin Bilbo Paddle Surfaren erreferente bilakatu da Europan eta aurten ere 'The EuroTour 2015' zirkuituko probarik garrantzitsuenetakoa da, sei izarreko kategoriarekin.

Horrela, 16 herrialdetako 100dik gora parte-hartzailerekin, lehiaketa erreferente bihurtu da munduan. Estatu mailan egiten den horrelako lehenengo ekitaldia da, eta Europa mailako bigarrena. Hori dela eta, Stand Up Paddlea Euskadiko biztanleen artean gehien hazten ari den kiroletako bat bilakatu da.

Aurtengo edizioan, Bilbon jokatuko den proba autonomia mailan egingo den aurreneko Euskal Sup Race Zirkuituan sartuko da. Lehiaketa honek 6 proba ditu; horietako 3 Bizkaian egingo dira (Bilbo, Mundaka eta Gorliz) eta beste hirurak Gipuzkoan (Hondarribia, Zarautz eta Deba).

Probako finalista profesionalen artean 20.000 dolar banatuko dira eta gainerako kategorietako irabazleek hainbat markak emandako opari erakargarriak jasoko dituzte. Aurten kategoria gehiago izango ditu probak: elitea, pro, amateur, junior edo umeak.

Txapelketa honen nobedadea TxikiRacea da. Umeek oholaren gaineko trebeziak erakusteko aukera izango dute. Baina astegoien horretan busti nahi ez dutenentzat ere jai handia egingo da itsasadarrean adin guztietako jendeari zuzenduta. Uribitarteko kaian, probak iraungo duen hiru egunetan, tailerrak, umeentzako jarduerak edota kirol erakustaldiak antolatuko dira, zuzeneko kontzertuak eta musika ahaztu barik.

Doako 'SUP Clinic-ak' bertaratutako ikusle guztientzat, baita  'FunSupRacea' eta 'Waterdog-a' ere, txakurrak protagonista izanda ohol gainean euren jabeekin batera.

Bilbon SUP-a bultzatzen duen Bwaters taldearen apustu hori aurrera eramatea posible izango da beste urte batez Bilboko Udalaren laguntzari eta Iberdrolaren apustu indartsuari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin batera.

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, aurten jende gehiago hurbilduko dela uste dute antolatzaileek eta lehiaketan izena eman nahi duten guztiek inskripzioak webgune ofizialean egin ditzakete (www.bilbaoworldsupchallenge.com). Era berean, jarraitzaileek informazio eguneratua izango dute iaz bezala Facebookeko profilaren bitartez: Bilbao WORLD SUP Challenge edo Instagram BILBAOWORLDSUPCHALLENGE.