Azken eraso lesbofobo eta matxistak salatzeko deia egin dute

uriola.eus 2015ko mai. 29a, 10:02

Maiatzean Deustun eta Zorrotzaurren gertatutako eraso lesbofobo eta matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Bilboko Koordinadora Feministak gaur, maiatzak 29, ostirala, 20:00etan, Arriagako plazan.

Maiatzaren 11ko astean Deustuko lesbiana bikote baten autoan zakil handi ezberdinak margotu zituzten ibilgailua bikotea bizi den etxe inguruan aparkatuta zegoela. Erasoa "ez dela kasualitatea" gaitzetsi eta salaketa publikoa egitea erabaki zuten. Ertzaintzak 'gorroto delitutzat' hartu zuen ekintza.

Era berean, maiatzaren 21ean, osteguna, 24 urteko emakume bat eraso zuten Zorrotzaurren. El Correo agerkari digitalaren arabera, emakumea argazkiak ateratzen zegoen eta gizonezko bat hurbildu zitzaion; ukituak egin zizkion eta aurre egin bazion ere, erasotzaileak labankada bi eman zizkion sabel inguruan.

Ez zizkion zauri larriak eragin eta erasotzaileak ihes egiten zuen bitartean, emakumea Francisco Macia kalera hurbildu eta bertan artatu zuten. Poliziari emandako deskribapenarekin erretratu robot bat kaleratu dute eta erasotzailearen bila jarraitzen dute.

Bi gertaera hauen aurrean, Bilboko Koordinadora Feministak elkarretaratzea deitu du gaur, maiatzak 29, 20:00etan Arriagako plazan "Erasorik ez erantzunik gabe!" lelopean. 

 

[2015/05/25] Eraso homofoboa salatu du bikote batek Deustualdean