Gazteguneek ikasturte amaieran jarduera irekiak izango dituzten zenbait barrutitan

uriola.eus 2015ko mai. 28a, 09:00

Maiatzean eta ekainean Bilboko gazteguneek jardueren eskaintza zabala osatuko dute, hiriko barruti batzuetan jarduera irekiak eginez. Hain zuzen, Santutxun eta Uribarrin, maiatzaren 29an; Otxarkoagan, ekainaren 10ean; eta Zorrotzan, maiatzaren 26tik ekainaren 5era arte, izango dira jarduera ireki horiek. 

Jarduera ireki hauek barrutietan eginez, barruti horietako 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoengana hurbildu nahi dute gazteguneek, euren bezeroak izan daitezkeenak erakartzeko. Horretarako, gazteguneek euren jarduerak egingo dituzte eta barrutiko eragileekin batera arituko dira elkarlanean beste jarduera batzuk egiteko.

Begoñako gazteguneak, beste entitate batzuekin batera, parte hartuko du 'Basarrate Gazte' ekimenean. Maiatzaren 29an (barikua), 16:30etik aurrera Basarrate landan.  Elkarteek eta eragile sustatzaileek ekimen honen barruan proposatutako jardueren programa oso zabala da: dantza-erakustaldiak, rap kontzertua,... Gazteguneak, besteak beste, bizikleta birakaria, “RelaxGunea”, ping-pong lehiaketa eta talo-tailerra eskainiko ditu.

Bere aldetik, Uribarriko gazteguneak, maiatzaren 29an (barikua), 17:00etatik aurrera, Moraza plazan, 'Uribarriko Gazte Eguna' antolatuko du. Auzoko gaztetxoentzako jardueren artean Zumba, break dance erakustaldia, txalapareta, gazteguneko kutxa flamenkoaren taldearen emanaldia eta ping-pong lehiaketa daude.

Otxarkoagako gazteguneak ere zenbait jarduera antolatuko ditu barrutian. Auzoko jaien barruan 'Gaztegunea Kalean' ekimena egingo du, ekainaren 10ean, 18:00etatik aurrera, Ugarte plazan. Besteak beste, dantza modernoaren erakustaldiak, kutxa flamenkoa, break dance, DJ, grafitti tailerra eta zazpi legoako botak eskainiko ditu gazteguneak.

Inguruko eragileekin elkarlanean aritzeko ildo horretatik, Zorrotzako gazteguneak erabiltzaileak animatuko ditu 'Denok Batera' kultura arteko futbito lehiaketan parte hartzera. Zazpilandako kirol instalazioan izango da maiatzaren 26etik ekainaren 5era.  Orain 9 urte sortu zuten lehiaketa, auzoko jatorri eta kultura ezberdinetako gazteak batzeko. Hala ere, parte hartu nahi duten beste jende askorentzat ere zabalik dago, beti ere lehiakortasunaren gainetik bizikidetza indartuz.

Bilboko gazteguneek gazteentzako hezkuntzako aisialdi jarduera asko antolatzen dituzte, bai euren lokaletan, bai kalean. Hiriko auzoetako 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat dira jarduerok.

Informazio gehiago lortu nahi duten gazteek gazteguneetan galde dezakete, martitzen eta barikuetan, 17:00etatik 20:00etara, edo zapatuetan, 17:00etatik 20:30era.