Bilbotarrek Kopako Finala hiriko puntu ezberdinetan ikusteko aukera izango dute

uriola.eus 2015ko mai. 29a, 09:17

Bilbok futbol arloko hitzordu historikoari aurre egingo dio bihar, maiatzak 30. Hiria buru-belarri murgilduko da Errege Kopako Finalaz gozatzeko giroan. Norgehiagoka Bilboko Athletic Clubek eta FC Barcelonak jokatuko dute 21:30ean, Bartzelonako Camp Nou estadioan; hala ere, Bilboko auzo ezberdinetan pantaila erraldoiak jarriko dituzte zaleek bertatik partidua ikus dezaten. 

Beraz, Bilbo futbolaren jai handi honen erdigune bihurtuko da, Udalak egun honetarako beren beregi prestatutako dispositiboari esker. Dispositiboan Udalaren hiru sailek hartuko dute parte: Zirkulazio eta Garraioak, Segurtasunak eta Obra eta Zerbitzuek.

Udalak 200 lagunez osatutako operatiboa antolatu du asteburuko ekitaldi handietara bertaratuko direnen segurtasun eta erosotasuna bermatzeko asmoz. Horien artean, Bilboko Triatloia (maiatzaren 30eko larunbateko 13:45etik 20:50era) eta biharamuneko Ibilaldia nabarmenduz.

Bilbo osoko hamalau gunetan programatu dira kirol ospakizun honetarako jarduerak; gainera, horietariko askotan pantaila erraldoiak ipiniko dira kirol emankizuna bertatik bertara ikusi ahal izateko. Instalakuntza gehienak oinezko guneetan ipiniko dira -zenbaitetan zirkulazioan aldaketak eragingo dituzten arren- eta jarraian azaldu bezala egongo dira banatuta:

- Plaza Barria. Zazpi Kaleko Merkatarien Elkarteak 7x5 metroko pantaila erraldoia eta agertoki txiki bat ipiniko du emankizunak jarraitzeko, batez ere txikienentzat, 17:00etatik aurrera. Plaza Barriko aparkalekuan ezin izango da sartu edo irten 20:00ak eta 23:00ak bitartean, jende-kopuruaren arabera.

- Ugarte plaza. Mahats Herri Kultur Elkarteak finala Otxarkoaga auzoan ospatuko du, kale-animazioa, jolasak eta bestelako ekintzak antolatuta. Halaber, partidua pantaila erraldoian proiektatuko dute.

- Zabala. Fleming doktorea kaleko Zabala Zaletu Taldeak jolas puzgarriak ipiniko ditu Constantino tenorea kaleko 11. zenbakian.

- Txurdinaga. Begoñatarrak Kultur Elkarteak baimena eskatu du pantaila bana jartzeko Txurdinagako taberna biren parean, Gabriel Aresti, 25 eta Arbidea, 8 kaleetan.

- Ibaizabal Landa. Jabape Abusuko Jai Batzordea Elkarteak pantaila erraldoia paratuko du Ibaizabal Landan.

- Santutxu. La Zona Elkarte Soziokulturalak agertokia jarriko du Artsuaga plazan eta bi jolas puzgarri Karmelo kalean. Gainera, Arambarri CBk bost karpa eta barra mugikorrak jarriko ditu Aranbarri musikaria plazan.

- Zabalguneko plaza. Müller-Dani Athleticen Zaletu Taldeak Zabalguneko plazan ipiniko du pantaila finalaren ospakizun gastronomikoa egiteko beste instalazio batzuekin. Bertara joango direnen kopurua gorabehera, Zabalguneko Plazaren albo bat trafikorako ixtea beharrezkoa izan daiteke, Henao kaletik Colon Larreategirako norakoan.

- Luis Briñas. Mikel San Jose Athleticen Zaletu Taldeak bere pantaila Luis Briñas kaleko 17. zenbakian ipiniko du.

- Uribarri. 2. barrutiko Merkatari Elkarteak bi pantaila ipiniko ditu Trauko kalean eta Moraza plazan. Gainera, bi jolas puzgarri paratuko dituzte Panera etxetaldeko plazan.

- Iturribide. Iturribide kaleko 118 zenbakian ere partidua ikusi ahal izango da 3x1,80 metroko pantaila bati esker.

- Garcia Rivero. Bilbao Centrok hainbat ekintza prestatu ditu batez ere umeei zuzendutakoak, kale honetan burutzeko; bi puzgarri jarrita. Garcia Rivero kalea zirkulaziorako itxiko dute 12:00etatik 24:00ak arte, kaleko aparkalekuak kenduta.

- Errekalde. Errekatartalo Errekaldeko Jai Batzordeak pantaila bat jarriko du partidua auzoan proiektatzeko.

- San Adrian. Athletic Cluben Trokozaleak San Adrianeko Zaletu Taldeak animazioa prestatu du dultzainekin, umeentzako eremuarekin eta fanfarreekin San Adrianeko plazan (Elizaren atzealdean).

Gainera, San Mames futbol zelaiaren barrualdean pantaila erraldoiak ipiniko dituzte eta aurreikusi dutenez 53.000 lagun bertaratuko dira. Horren ondorioz, 17:00etatik aurrera estadioaren inguruko zirkulazioan etenaldiak egongo dira, partidua dagoen egunetan bezala. Hala, azaldutako jende kopuruaren arabera, hurrengo bidegurutzeak trafikorako itxita egongo dira: Felipe Serrate kalearen eta Sabino Arana etorbidearen artean; Bentosa bidearen eta Olabeagako Aldatzaren artean; eta Urkixo zumarkalearen eta Sabino Arana etorbidearen artean.

Garraio Publikoa

Egun osoan zehar, Bilbora etortzeko autoa ez erabiltzea eta garraio publikoa (batez ere trena edo metroa) erabiltzea gomendatu du Udalak.

Bilbobuseko 13 lineatan aldaketak egongo dira Bilboko Triatloiaren hiru probak egin bitartean. Hala, geraleku batzuetan autobusak ez dira geldituko eta ordezko saihesbideak ipiniko dira hurrengo orduetan, gutxi gorabehera:

- 14:15etik 19:00etara, hurrengo lineetan: 03, 11, 22, 28, 30, 62, 71, 72, A1 eta A5.

- 14:15etik 15:35era: 40 linean.

- 15:00etatik 17:30era: A2 eta A7 lineatan.

Hala ere, 19:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, linea guztiek ohiko ordutegia eta ibilbidea erabiliko dute berriro eta,  Gautxoriek gau osoan bermatuko dute Bilboko auzoen eta erdigunearen arteko mugikortasuna, larunbat arrunt baten ordutegia mantenduz.

Segurtasuna

Trafikoaren kontrola Udaltzaingoaren esku egongo da. Asteburuko ekitaldiak zaintzeko ehun udaltzain inguru lanean egongo dira, eta Ertzaintzarekin lankidetza estuan jardungo dute, izan ere, azken erakunde horrek indartu egingo du hiri-segurtasunaren alorrari lotutako lana.

Halaber, jende ugari etorriko dela aurreikusita, Udalak Zentro Mediko Aurreratua edukiko du osasun arloko larrialdiak artatzeko, Arriaga plazan. Zentro hori, jende gehien bilduko den momentuetan, lau anbulantziaz, osasun-teknikariez eta medikuez osatuta egongo da. Gainera, 2 anbulantzia gehiagoren bitartez Bilboko ohiko osasunarreta indartuko dute.

Garbiketa

Bestalde, Lan eta Zerbitzuetako Sailak dispositibo berezia antolatu du garbiketarako, asteburu osoan lanean izango diren 75 lagunekin. Hala, Bilboko Triatloiari eta Kopako Finalari lotutako ospakizunak amaitutakoan, dena prest egongo da biharamunean Bizkaiko Ikastolen jaia hartzeko. Maiatzaren 31n, igandean, 60 lagun egun osoz ibiliko dira beharrean, baita jaia amaitutakoan ere, Bilbok ohiko itxura berreskuratu dezan.