Gure Esku Dago: "Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz"

uriola.eus 2015ko mai. 29a, 12:39

"Dena lor dezakeen ekimen" gisa jaio zen Gure Esku Dago dinamikak aurrera egin nahi du. "Herri zahar honen txoko bakoitzean sorturiko borondateen baturaren adierazle" izan zen iazko Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate erraldoitik haratago. Ez du aldarrikapenean geratu nahi, erabakirako jauzia egin nahi du.

San Mames zelaiaren aurrealdean emandako prentsaurrekoan Zelai Nikolas eledunak adierazi duen bezala "ez gara jaio aldarrikatzeko, gure aldarrikapenekin bat ia den-denek egiten baitute. Beraz, aldarria bera baino, erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz".

Gure Esku Dago sareak bere burua funtsezkotzat du ezberdinen arteko borondateak josteko eta elkarlana sustatzeko bidean, eta horrela agertu die alderdi politikoei eta erakundeei zuzendu dien mezuan. "Alderdi bakoitzak izan dezakeen estrategia edo interesetik haratago, eta horiek ere kontutan hartuz, noski; uste dugu guri dagokigula herritarrak batzea aldarria ariketa bihurtzeko, erabakitzeko eskubidea dugula esatetik erabakia bera gauzatzera igarotzeko".

Borondatea "ezinbestekoa"

Egiteko dagoen bide horretan, ezer baino lehen, eta guztiaren gainetik kokatzen du Gure Esku Dagok borondatea. Zelai Nikolasen esanetan, "erabakia gauzatzeko borondatea da gure ustez ezinbestekoa. Elkarri bizkar egon ordez, erabaki nahi duen herri bat elkarlanean jartzea lortuz gero bidearen lanerditan izango garelako berehala".

Egiteko dagoen bidea "ez da erraza" Nikolasen arabera, baina azaltzen "oso erraza". Gure Esku Dago ekimenaren bide orria hauxe da: herritarrek borondateak ehundu, horien artean zer, non eta nola adostu, eta azkenik erabaki. "Ez dugu zalantzarik luzera itxaron gabe beteko ditugula gure helburuak, erabakitzea delako normalena, eta demokrazia ariketa hutsa delako".

Ekainaren 21ean Gure Esku Dagok "jauzi bat" eman nahi du, "ehuntzen ari den borondateari uko egin beharrik gabe, norberarena ondokoarekin elkartu eta egitera goazen bidea".

Orain artean herri eta auzoetan jositako oihalek, lurralde bakoitzeko hiriburuetan egingo dute topo ekainaren 21ean, eta "horiek josiko dute erabakia posible egingo duten hautesontzia. Gaurko hautesontzia da biharko erabakia, eta gure esku dago hala izatea".

San Mames, erabakitzeko eskubidearen 'katedrala'

Bizkaitarrek Bilbon izango dute hitzordua ekainaren 21ean. Hain zuzen ere, San Mames futbol zelaian. Prentsaurrean hitza hartu duen Andoni Aizpururen esanetan "San Mames erabakitzeko eskubiaren katedrala izatea nahi dugu". 17:30ean hasiko da eguneko ekitaldi nagusi, baina aurretik eta ondoren hamaika aukera izango da, "egun osoko egitaraua" prestatu baitute.

Zazpi kilometroko luzera izango duen oihal katea eguerdian osatuko dute. Areatzako eta Euskalduna zubien artean, itsasadarraren bi aldeetara, oihalak josiz. Bizkaiko herritarrek, bakoitzak bere eskualdearen arabera, katean leku zehatza gordeta izango dute. 12 eskualdeek kolore bana jasoko dute non kokatu jakiteko. Bilbotarrei, esaterako kolore urdina egokitu zaie, hau da, Euskalduna eta Salbe zubien arteko gunea. Oihal katea 12:00etan hasi eta ordu erdiz luzatuko den arren, lehenago prestatzen hasiko dira. Aizpururen gomendioa da 11:30ean nor bere lekuan egotea.

Areatzan "ekitaldi mordoa" izango dira egun osoan, "jana, edana, musika eta giroa". Alde Zaharrean ere ez da girorik faltako, bertako tabernariek bat egin baitute ekimenarekin. San Mameseko ekitaldiaren ostean, Areatzako ekitaldiak berpiztuko dira. Aizpuruk aurreratu duenez, "erromeria oso berezia egondo da, Oxabi eta lagunak". Lagun horietako batzuk nortzuk izango diren ere esan du: Xabihoo (Enkore), Ibon (Itziarren Semeak), Francis (Doctor Deseo), Maria (Siroka), Naroa (Izerdi Gorria), Roberto (Zarama), Miren Amuriza eta Oihana Bartra, Yogurinha Borova, Tor eta Txorroba magoak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak eta abar luze bat.

Oharrak

Ekainaren 21eko "gastu guztiei" aurre egiteko San Mameseko ekitaldirako sarrera ordaindu beharko dute herritarrek. Aurretiaz sarrera eskuratzea "garrantzitsua" dela azpimarratu dute bai Nikolasek bai Aizpuruk. Sarrerak zenbakituak izango direla eta, taldean joatekoak direnei sarrerak "elkarrekin hartzeko" aholkatu diete.

Interneten eskura daitezke (gureeskudago.eus) edota hiriburuetan GEDk dituen lokaletan (Bilbon, Buenos Aires kaleko 13. zenbakian). Bi urtetik beherako umeek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, baina sarrera eskuratu beharko dute. Umeen aulkitxoak ezingo dira zelai barrura sartu, baina gune berezia prest izango dute bertan uzteko. 3 eta 14 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtetik gorakoek 10 euro.

Eta, azken gomendioa, "koral koloreko kamiseta jantzita etortzeko".

 

gureeskudago.eus