Fernando Trueba, Quino eta Mafalda barreka 'Ja! Bilbaon'

uriola.eus 2015ko ira. 15a, 13:00

Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak izen berria izango du aurrerantzean, 'Ja! Bilbao', hain zuzen ere, eta urriaren 1etik aurrera Fernando Trueba zine zuzendaria omenduko du seigarren edizioan, umoreak oso leku garrantzitsua bete izan duen ibilbide profesionala aintzatetsiz. Horrez gain, Joaquin Lavado Quino marrazkilari argentinarraren omenez antolatutako Quino Mafaldagatiko erakusketa antologikoa ere nabarmentzekoa da.

Fernando Trueba zine zuzendari, ekoizle eta gidoilariak Kultura Ministerioak ematen duen Zinematografia Sari Nazionala irabazi du aurten bertan, eta 20.000 euroko BBK Ja! Bilbao 2015 Saria jasoko du. Banaketa ekitaldia urriaren 12an izango da Campos Eliseos Antzokian, jaialdiaren programazioari amaiera bikaina emateko, oso pertsonaia garrantzitsuak Truebari jende aurrean egingo dion elkarrizketarekin.

Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak bere urteko saria zine zuzendari bati ematen dion lehen aldia da. Lehenengo bost edizioetan Tom Sharpe, Ismail Kadaré eta Julian Barnes idazleak eta Francisco Ibáñez eta Robert Crumb marrazkilariak saritu ditu. 

Beste alde batetik, umoregile argentinarraren lehen argitalpenaren 60. urteurrena dela eta antolatu den eta orain arte Hegoamerikan baino aurkeztu ez den Quino Mafaldagatiko erakusketa antologikoa irailaren 23tik urriaren 18ra izango dugu Bilbon –Estatu osoan erakusketa  hori jasoko duen lehenengo hiria–. Zabalgunea Eraikinak jasoko du Mafaldaren sortzailearen lanari buruzko erakusketa zabala. Mafalda da marrazkilariaren pertsonaiarik ezagunena, eta, pertsonaia, zortzi metroko altuerako irudi ikusgarriaren bitartez egongo da egilearen onespena duen behin behineko erakusketan.

Ja! Bilbao, Umorezko Literaturaren eta Artearen VI. Nazioarteko Jaialdia urriaren 1etik 12ra egingo da hainbat gunetan: BBK Aretoan, Campos Eliseos antzokian, Azkuna Zentroa auditorioan, Erriberako merkatuan eta izen bereko plazan dagoen Zabalgunea eraikinean. Jaialdiaren lehen ediziotik ohikoa izan denez, ikus-entzuleak dohainik joan ahal izango dira jarduera guztietara. 

Jaialdiaren izen aldaketari dagokionez, Juan Bas zuzendariak adierazi duenez, “Ja! Bilbao markak, erabiltzen ari ginen logotipoarekin bateratzen ditu irudia eta kontzeptua, eta hobeto irudikatzen ditu jaialdiaren xede diren literaturako eta arteetakoa umore edukiak, barretik haratago”. Elementu hori, barrea, jaialdiaren seigarren edizio honetan ere gure artean egongo da, inolako zalantzarik gabe.

Bestalde, jaildiak urriaren 3an, larunbata, 20:00etan BBK Aretoan, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreekin 'Desentxufatuak' umorezko antzerkia eskeiniko du; ekintza guztien artean euskaraz egingo den bakarra. 

Ikusi hemen jaialdiaren egitaraua.