200 bat jokalarik jokatuko dute Bilbon Iberoamerikako Xake Lehiaketa

uriola.eus 2015ko uzt. 23a, 11:30

Lehiaketa eta Maisuen Finala aldi berean jokatuko dira, urriaren amaieran, Campos Eliseos Antzokian. 

Urriaren 26tik azaroaren 3ra, Bilbo munduko xakeko hiriburuan bihurtuko da berriz ere. Bilbao Chess 2015ek, 2014an gertatu zen bezala, munduko maila goreneko bi lehiaketa bateratuko ditu: jadanik ohikoa den Grand Slameko Maisuen Finala eta Iberoamerikako Banakako Xake Lehiaketa (FIBDA). Lehiaketa iberoamerikarraren seigarren edizioa gaur aurkeztu da hiriburu bizkaitarrean, hain zuzen ere. 

Aurkezpen ekitaldian Javier Ochoa de Echaguen Xakeko Federazio Iberoamerikarraren presidenteak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Bilboko Udalaren ordezkariek - Gabino Martinez de Arenaza Turismo zuzendaria eta Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendaria- esan dutenez Campos Eliseos Antzokia izango da xakeko bi lehiaketak hartuko dituen egoitza. 

Kirol ekitaldi bat izan arren, babesleak diren bi erakunde publikoek Bizkaiko hiriburuko turismoarekin zerikusirik duten enpresentzako ekitaldi honek duen garrantzia, bai kanpo sustapenean zein itzulera ekonomikoan, azpimarratu dute. 

Izena emateko epea oraindik ireki ez den arren, antolatzaileek estimatzen dute 200 jokalari inguru hurbilduko direla Bilbora xakeko titulu iberoamerikarra lortu nahian. Jokalariek FIBDA osatzen duten 23 federazioetatik etorriko dira: Andorra, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

Iberoamerikako VI Banakako Xake Lehiaketa txapelketa irekia da, beraz ez dute txapeldunek bakarrik parte hartzen, baita FIBDAko federazioen jokalari onenek ere -gizonezkoak zein emakumezkoak-. Bilbao Chess 2015eko antolatzaileek uste dute aurreko bost txapeldunen artetik bat baino gehiagok hartuko duela parte, adibidez, Axel Bachman Paraguaiko maisu handia, pasadan urtean Linaresen titulua lortu zuena; edota bere aurrekoa, Ivan Salgado, Sestaoko jokalari frankizia, 2012an Quitoko lehiaketaren irabazlea. 

 

bilbaochess2015.com