Itsasoari begira, Sail in Festival

uriola.eus 2015ko ira. 3a, 08:30
Argazkia: Gilles Martin-Raget

Nabigatzaile, estropadalari, abenturazale, komunikatzaile eta itsasozaleen multzo zabal baten topagune izango da Bilbo gaurtik aurrera. Bigarren Sail in Festival jaialdiak, besteak beste, "belari buruzko nazioarteko edukirik onenak" eskainiko ditu. 

Bigarren edizioko kartela Gilles Martin-Raget argazkilariaren lan bikainari eskainia dago. Bela-munduaren argazkilaririk ezagunenetako eta emankorrenetako bat da. Karteleko irudia oso iradokitzailea da: XX. mendearen hasierako belaontzi baten irudia da, XXI. mendeko itsasoetan barrena nabigatzen.

Aukera paregabea izango da urtengo jaialdian belaren modalitateei buruzko dokumental, film eta film labur onenen sorta ikusteko, hainbat istorioen protagonistekin egoteko eta nabigatzaile mitikoekin, estropadalari handiekin eta itsasoan zehar dabiltzan abenturazaleekin hitz egiteko jaialdira hurbiltzen direnek. 15 gonbidatu "ospetsu" izango dira aurtengoan.

Sail in Festival ekitaldi "berezi-berezia da, nazioartean existitzen ez dena, eta lehenengo edizioaren ostean mundu mailan erreferentzia bat izatea lortu duena, egitarauaren kalitateari, gonbidatutako pertsona ezagunei eta prestatutako jarduerei esker", antolatzaileen esanetan.

"Nabigatzaileak nahiz itsasozale soilak" erakarri nahi dituzte, eta "erronka handien zaleak" direnak hala nola "protagonistek eurek kontatutako istorio zirraragarriak maite dituzten pertsonak".

 

Zazpi saio lau egunetan

Guztira zazpi saio programatu dira jaialdiaren lau egunetan, BBK Aretoan egingo direnak. Aurten aztertuko diren gaien artean hauek daude:

• Amerika Kopa estropada zahar eta mitikoenaren inguruko saio berezia

• Mini Transat estropadari buruzko saio berezia

• Poloen inguruetako nabigazioak eta abenturak

• Belaontzi klasikoei buruzko istorioak

• Munduari bira, bakarrik, bizitzeko modukoa ez den katamaran batean

• Ronaren Ibilbidearen estropadako istorioak eta beraien protagonistak

• Mundu biraren recordaren abentura, Julio Verne sariarekin

 

Berrikuntza: Sail in Class

Aurtengo nobedadeak bi master class dira (Sail in Class). Nazioartean ospe handia daukaten profesionalek emango dituzte. Doako ikastaroak dira, asteburuan (irailaren 5 eta 6an) emango dira Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren instalazioetan.

 

Sir Peter Blakeri omenaldia

Jaialdia gaur, irailaren 3an, osteguna, hasiko da, belaren mito Sir Peter Blake zeelandaberritarrari omenaldia eginez, 2001. urtean hil zena. Haren senitartekoak izango dira jaialdian gonbidatu: Pippa emaztea eta James semea, baita Zeelanda Berriko kulturaren eta belaren ordezkariak ere. Horrezaz gain, Europan lehen aldiz, aurkeztuko da jaialdian Blakey filma, Sir Peter Blakeren bizitza eta ibilbidean oinarritutako ikus-entzunezko lana.

Proiekzioak (Sail in Films), hitzaldiak (Sail in Talks) eta ikastaroak (Sail in Class) ez ezik, Sail in Festival jaialdiak zenbait argazki erakusketa eskainiko ditu (Sail in Expo) belaren munduaren inguruan.

 

Sail in Expon 3 erakusketa

• Mirabaud Yacht Racing Image lehiaketa famatuaren 2014ko edizioko argazkirik onenak.

• Gilles Martin-Raget argazkilariaren ibilbidearen inguruko atzera begirako Sail in Festivalen "erakusketa esklusiboa".

 • Sir Peter Blake eta belaren munduan izan duen ibilbideari buruzko "erakusketa esklusiboa", Sail in Festivalek Blake familiaren eta Sir Peter Blake Trust fundazioaren laguntzaz prestatua.

 

Egitarau osoa web gune honetan kontsulta daiteke: www.sailinfestival.com