Athletic

Super Kopa ikusgai

uriola.eus 2015ko ira. 3a, 18:51
Argazkiak: www.athletic-club.net

Gaur goizean jendetza bildu da San Mamesen. Elastiko zurigorria zeramaten gehienek, partidurik egon ez arren. Taldea, betiko lez, Lezaman aritu da lasaitasun osoz, baina zaleak zelaira hurbildu dira. 

Izan ere, Bizkaia Athleticzalea da eta San Mames bizkaitar guztien zati bat da. Hori dela eta, Aldundiak eta klub zurigorriak zelaiaren ateak ireki dizkie bisitatu nahi duten pertsona guztiei. Gaur izan da lehen eguna, bihar eta etzi ere aukera egongo da. 19. atetik edonor sar daiteke, ez da beharrezkoa izango aurretik sarrerarik izatea edo erreserbarik egitea. Jendea heldu ahala sartuko da, 10:00etatik 20:00etara, etenik gabe.

Baina ilarak sortu dituena ez da zelaia ikusteko irrika izan, bizkaitar askok ikusia dute dagoeneko eta. Athleticek gauza berezia prestatu du eta Valverderen mutilek abuztuan Bartzelonari irabazitako Super Koparekin argazkia ateratzeko aukera eskaini die zale guztiei. Palkopean jarri dute, Athletic Club letren aurrean, berebiziko argazkia atera ahal izateko, urte askotan oroitua izateko.

Zaleentzat hainbeste urteko bidaia benetan luzea izan da. Gazteek ikusi duten lehen titulua da Super Kopa eta garaikurrarekin argazki bat ateratzeko aukera izan dute. Horrez gain, ospakizunetan kanpoan egon direnek eta berriro txapeldun direla sinistu ez dutenek ere kopa hubil-hurbiletik ikus dezakete.

Zelaitik bueltatxo bat emateko ez da inolako problemarik egon egun osoan. Erdiko eraztunean eta beheko eserlekuetan egoteko askatasun osoa eduki dute zaleek. Hori bai, Super Koparekin argazkia ateratzeko ilara luzeak sortu dira, batez ere arratsalde partean. Izan ere, garaikurra izan da zaleak erakarri dituena, eta guztiek nahi izan dute bere argazkia Koparekin egin.