25 urte bertsolaritza ikastetxeetan irakasten

uriola.eus 2015ko urr. 5a, 09:00
Argazkia: Bertsozale Elkartea

22.500 ikasle eta 44 irakasle izango ditu 2015-2016 ikasturtean 'Gu ere bertsotan' egitasmoak.

Abiatu berri den ikasturte honetan 25 urte betetzen dira Bertsozale Elkartea ikastetxetan bertsolaritza proiektua eskaintzen hasi zela, ikastetxeekin eta udalekin elkarlanean.

Nafarroan abiatu zen ekimena (izatez, Nafarroako Hezkuntza Sailak babestu du urtetan); abiatu eta urtebetera Bizkaiak jarraitu zion. Ikastetxeen eta udalen eskariz, proiektua hedatzen joan da urtez urte eta egun Euskal Herriko herrialde guztietan lantzen da bertsolaritza ikastetxeetan, eskola ordutan; 2015-2016 ikasturtean 22.500 ikasle hasita daude bertsogintza ezagutzen, Bertsozale Elkarteko 44 irakasleren eskutik.

Proiektuaren oinarrian Bertsolaritzaren Curriculuma dago, eta klaseak emateko baliatzen den Gu ere bertsotan ikasmaterialak Ixaka Lopez-Mendizabal saria jaso zuen 2011an, EAEko Hezkuntza Sailaren eskutik. Datozen urteotan ikus-entzunezko materialak ugaritzea izango da Bertsozale Elkartearen ahalegina.

Ikastetxe publikoak, kristau eskolak zein ikastola kontzertatuek hartzen dute parte ekimenean. Aipatzekoa da Bersozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak duten elkarlan hitzarmena; bi erakundeen artean, ikastolatan bertsolaritza klaseak bermatzeaz gain, gaztetxoei zuzendutako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa antolatzen baitute elkarlanean.

Ikasturtean zehar eskolan bertsotarako irrika piztu zaien haurrek bertso-eskolan izena emateko ateak zabalik izango dituzte, bertso-eskolak aukera ederra baitira zaletzen jarraitu eta bat-batean bertsotan eginez lagunarteaz gozatzeko. Inguruan zer bertso-eskola dituzun jakin nahi izanez gero, jarri zure herrialdeko Bertsozale Elkartearekin harremanetan.

 

www.bertsozale.eus

www.mintzola.eus

www.bertsoa.eus