Indarkeria matxistari erantzuna

uriola.eus 2015ko urr. 6a, 16:50
Argazkia: @UdalBerri

Bilboko Udaletxea jendez bete da indarkeria matxista gaitzesteko eta bere azken biktima, Bilbon bizi zen Almudena Matarranz, oroitzeko. Eskaileretan ordezkari publikoak eta aurre aurre hiritarrak elkartu dira isiltasunean. Arratsaldean eta bihar elkarretaratze gehiago deitu dituzte Bilbon. 

Aburto alkatea lehen lerroan, ondoan Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdietako buruak, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, Bizkaiko Auzitegiko presidente Manuel Aio Fernandez eta atzerago Bilboko Udaleko zinegotziak eta politikako aurpegi ezagun ugari. Horixe izan da gaur 13:00etan Bilboko Udaletxeko eskailerek izan duten itxura. Aurrez aurre, hainbat hiritarrek egin dute bat Udalak egindako deiarekin Almudena Matarranzen hilketa gaitzesteko eta "berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko gizartearen aldeko apustua egiteko".

Lehenengotan ateri eutsi dion arren, euripean eman dituzte elkarretaratzeko azken minutuak. Txalo artean eman diote amaiera ekitaldiari .

"Azken hilketa matxistaren" ostean, EH Bilduko Alfa Fatuartek neurri gehiago eskatu dizkio Udalari. "Salaketa garrantzitsua da", adierazi du Fatuartek, baina "garrantzitsuagoak dira berdintasun politika publikoen sustapena eta baliabideak". Horiek "berebizikoak" dira. Iruzkina: 'Politika publikorik gabe berdintasuna ezinezkoa da'

Udalberrik "feminizidiotzat" jo du Almudena Matarranzen erailketa. Koalizioak, hain zuzen ere, joan den astean eraso matxisten aurkako prebentziorako eta erantzunerako protokoloa sortzeko eskaera luzatu zion Udalari. "Urteko 365 egunetan" erantzungo duen protokoloa.

Ganemos Bilbaok "irmoki" errefuxatu du Almudena Matarranzen hilketa, eta bilbotarrei dei egin die gaitzespen ekintzetan parte hartzera.

 

Bilboko Udala: "Salatu beharrekoa, isilik gelditu gabe"

Indarkeria matxistaren "adierazpiderik larriena da" Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordearen hitzetan Almudena Matarranzen aurkako erasoa. "Aldez edo moldez emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria, haien duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua da, hots, giza-eskubideen urraketa larri eta onartezina, salatu beharrekoa, isilik gelditu gabe, eta biktimen aldeko sostengua adieraziz, indarkeria pairatzen duten emakumeak babestuz".

 

Elkarretaratze gehiago gaur eta bihar

Gafas Moradas elkarteak elkarretaratzea egingo du gaur, urriak 6, arratsaldeko 20:00etan Moyua plazan "Basta ya de violencia machista!" lelopean. Beltzez jantzita parte hartuko dute protesta ekitaldian.

Bihar, urriak 7, Emakumeen Mundu Martxak deituta 'Eraso sexistarik ez!' lelopean, 19:30ean, Arriaga plazan elkarretaratzea egingo dute.

 

Ustezko hiltzailearen atxiloketa

Atzo arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak Almudena Matarranzen mutil-laguna Arkalandako parkean ustezko hiltzailea delakoan. Gizonaren senideen laguntzari esker arkitu zuten. Akusatuak komisaldegian jarraitzen du.

Almudena Matarranzen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu zuten atzo Erandioko etxebizitza batean, bere mutil-lagunaren etxebizitzan, hain zuzen ere. Bere senide batek eman zion Ertzaintzari emakumearen desagerpenaren berri, Bilbon zuen etxera bueltatu ez zelako. Bai Erandioko Udalak bai Emakundek heriotza matxistatzat jo dute gertatua. Horrela balitz, 2015ean Bizkaian indarkeria matxistaren ondorioz erailtzen duten bigarren emakumea da Almudena Matarranz. Ertzaintzak kasua ikertzen jarraitzen du.

 

[2015-10-06] Almudena Matarranzen erailketa gaitzesteko elkarretaratzeetan parte hartzeko deia zabaldu die Udalak bilbotarrei

[2015-10-05] Indarkeria zantzuak zituen emakume baten hilotza aurkitu dute Erandioko etxebizitza batean