660 euroko isuna KEM-MOC taldeari "insumisioaren oroimenez argazki bat egiteagatik"

uriola.eus 2015ko urr. 7a, 08:15
2014ko otsailaren 15eko argazkia

Iazko otsailaren 15ean, hainbat belaunalditako antimilitaristak Bilboko Kuartel Militarraren aurrean bildu ziren argazki bat egiteko. Irudi horrek 25 urtetan eginiko "zeharkako borroka biltzea zuen helburu", intsumisoen lehenengo aurkezpenen "25. urteurrena ospatzea", alegia. Topaketa horretan hainbat aktibista identifikatu zituzten. KEM-MOC taldeak jakinarazi duenez, 662 euroko isuna ezarri diete identifikatuei.

KEM-MOC Bilboko antimilitarista taldeko 100 bat aktibistak Juan de Garay kaleko kuartel militarraren aurrean "ekintza ez-biolento bat" egin zuten 2014ko otsailaren 15ean. 70eko hamarkadako lehen objektoreetatik hasi eta gaur egungo antimilitaristak barne argazki bat osatu zuten mugimenduaren ibilbidea biltzeko: "Objezioa, Intsumisioa, Gerrarik ez!, Ejerzitorik ez, Gastu militarrik ez, NATO ez!, Bota Kuartelie ta Erein Porrue…"

Argazki hori egiteagatik, Ertzaintzak ekimenean parte hartu zuten hainbat aktibista identifikatu zituen, eta prozesu horren emaitza espediente zigortzaile bat izan da KEM-MOC taldeak jakinarazi duenez. "662,16 euroko izuna ondorioztatu duena".

Intsumisioaren "legatua adierazgarria" dela azpimarratu dute KEM-MOC taldekideek: "Erakutsi digu desobedientzia zibila praktikan jar daitekeela eta ez-biolentziaren bitartez modu eraginkorrean borrokatu daitekeela. Gizarte mugimendu askorentzako erreferentea izan da, eta gaur egun mugimendu horiek ere planteatzen eta praktikatzen dute ez-biolentzia. Bestalde, eskarmentuak erakutsi digu maila kolektiboko estrategiak eta antolaketak ejerzitoa bezain indartsu diren instituzioak kinka larrian jar ditzakeela. Horregatik, argi eta garbi esan nahi dugu ez dagoela desobedientzia geldituko duen sententzia edo zigorrik”.

"Oraindik ere bide luzea dago"

Urte horretako otsailaren 20an Nahitaezko Soldaduzkaren aurrean planto egin zuten lehen intsumisoak aurkeztu zirenetik 25 urte bete ziren. "Milaka izan ziren haien bidea jarraitu zutenak. Ez auzitegi zibil ezta militarrik ere, ez gaitasungabetzeek, ezta espetxeak ezin izan zuten intsumisioa geldiarazi. Haien desobedientziaren ondorioak onartzerakoan, intsumisoek beraien aldarrikapenetarako esanahiaz jositako bozgorailu bat piztu zuten", gogoan du KEM-MOC taldeak.

1989. urtetik aurrera, 20.000 intsumiso baino gehiago egon ziren, bai Nahitaezko Soldaduzkan bai Ordezko Prestazioan. 4.000 lagun baino gehiago epaitu zituzten eta ia bi mila espetxeratu zituzten. 2002ko maiatzean, bost hilabete lehenago Nahitaezko Soldadutza desagertu ondoren, atera ziren kartzelatik azken intsumisoak.

Hala ere, antimilitaristek ez zuten garaipen gisa hartu zerbitzu militarraren bukaera: "Oraindik ere bide luzea dago ejerzitoa erauzteko, armagintza-industria suntsitzeko, gastu militarra desagertzeko eta antimilitarismoak baditu beste hainbat egiteko, justiziaren hobe beharrez", zioten orduan.

 

Ekintzaren albistea

www.sinkuartel.org
facebook.com/sinkuartel