Gaur eta bihar 'Elikagaien bilketa handian' parte hartzeko dei egin dute

uriola.eus 2015ko aza. 27a, 08:30

Aurtengo edizioan 60 saltegik baino gehiago lagunduko dute, aurreko urteetan bildutako elikagai-kopurua gainditzeko eta mila tona elikagai lortzeko xedez. Herritarrek laguntza eskaintzea errazteko asmoz, 'Elikagai bonoa' erabiliko da, atxikimendua adierazteko era berria. Bi egun hauetan boluntario lana egiteko prest daudenak Bizkaiko Elikagai Bankuarekin harremanetan jar daitezke.

Gaur, azaroak 27 eta bihar, hilak 28 izango da Elikagaien Bilketa Handia aurtengoan. Aurreko urteetan bildutako elikagai-kopurua gainditzea eta aurten 1.000 tona elikagai lortzea da deialdi honen "helburu handigura", Bizkaiko Elikagai Bankuak adierazi duenez. 2012an 250.000 kilo bildu ziren; 2013an 550.000 eta iaz 850.000.

Horretarako, Bizkaiko Elikagai Bankuak 60 saltegi baino gehiagotara zabaldu du Bilketa Handian laguntzeko aukera. Horietan herritarrek "betiko moduan eman ahal izango dituzte haien dohaintzak: erositako produktuak konfiantzazko saltegian eta kanpainarako jarritako edukiontzian utzita".

 

Laguntzeko era berria

Herritarren laguntza ahal den heinean errazteko asmoz, Bizkaiko Elikagai Bankuak 2015eko kanpainari atxikitzeko era berria antolatu du Bilketa Handiarekin bat egin duten hainbat supermerkatutan: 'Elikagai Bonua' da. 1, 2, 3 eurorekin edo gehiagorekin hornituta, "herritar bakoitzak laguntzeko egoki deritzon kopuruaren arabera. Diru hori supermerkatuan erregistratuta geratuko da eta Bizkaiko Elikagai Bankuak bertan erositako janaria hartuko du, horrela berak hornitzen dituen erakundeen beharrizanak asetzeko".

Sistema honek hainbat abantaila dauka: gastuak aurrezten ditu janariaren garraioan, biltegiratzean eta sailkatzeko lanean eta, gainera, unean uneko beharrizanen arabera janaria har daiteke.

 

Boluntarioen bila

Helburu hori gauzatu ahal izateko, herritarrek ematen dituzten dohaintzez gain, gaur eta bihar Bizkaiko Elikagaien Bankuko "petoa jantzi nahi duten boluntarioen kopurua handitu behar da". Laguntzaile horiek, jendartean bilketa sustatu eta haren berri emateaz gain, elikagai-edukiontziak antolatuko dituzte, ondoren Elikagai Bankura eraman eta bertan sailkatzeko.

2015eko Bilketa Handiaren egunetan, lagundu nahi dutenak Bizkaiko Elikagai Bankuarekin harremanetan jar daitezke 900 840 204 doako telefonoan. Horretan hartuko dizkiete beharrezko datuak.

2014an 100 boluntario finko egon ziren eta aurten 120 izango dira.

 

Elikagaien Bizkaiko Bankua

Elikagaien Bizkaiko Bankua 1995ean sortu zen. 20 urte daramatza, hortaz, Bizkaiko behartsuen alde hartutako konpromisoa betetzeko lanean. 1995an 30.000 kilo banatu ziren; 2014an, berriz, 4 milioi kilo; harrezkero gero eta handiagoa da Elikagaien Bizkaiko Bankuaren presentzia eta gizartearen laguntza, "eskuzabal bultzatuz ekimen guztiak". Gero eta elikagai tona gehiago batzen dira urterik urte egin ohi diren elikagaien bilketa handietan.

www.bancali-biz.org

 

[2015-11-17] Elikagaien Bankuari laguntzeko kontzertua eskainiko du Kepa Junkerak