Klima aldaketari konponbidea eskatzeko manifestazioa deitu dute bihar

uriola.eus 2015ko aza. 27a, 09:47
Argazkia: CCOO de Euskadi ‏@CCOOeuskadi

Azaroaren 30ean Parisen hasiko den klimaren gailurra dela-eta, 'Sistema aldatu, ez klima, baditugu alternatibak' lelopean larunbatean, hilak 28, Bilboko kaleetan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute 25 bat gizarte eragilek.

Pariseko COP21 klimaren gailurretik aterako den –eta Kyotoko Protokoloa ordeztuko duen– akordioak bermatu behar luke beroketa globala ez dela izango bi gradutik gorakoa, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta. Horixe da zientzialariek mugarritzat ezarri duten tenperatura igoera, honezkero saihestezina den klima aldaketa gizakiontzat erabat kontrolaezin bihur ez dadin.

Gailurraren aurretik munduko herrialdeek aurkeztu dituzten konpromisoak eta egin dituzten prestakuntza bilerak ez dira nahikoa izan helburu hori erdiesteko; aurrekari horiek ikusita, Parisko goi-bilera porrota izango dela iragarri dute askok.

 

Mobilizazioa azaroaren 28an                             

Parisen ez ezik, mundu osoan izango dira mobilizazioak COP21 hasi aurreko bi egunetan. Bilbori dagokionez, azaroaren 28an, manifestazioa egingo dute, Iberdrola dorretik abiatuta 12:00etan hainbat talde ekologista, sindikatu eta elkartek deituta.

Beraien esanetan, "gure bizitzak eta ama-lurra mehatxupean daude klima aldaketa, baliabide naturalen xahutzea edota jasanezina den kontsumo eredua dela eta, besteak beste", eta honen aurrean aldatu beharrekoa sistema dela eta ez klima defendatzen dute. Aurreko goibileretan gai honen inguruan hartu diren erabakiak "ez direla zuzenak" izan argudiatu eta jasangarria den eredu energetiko batera salto egiteko hartu beharreko neurriak proposatzen dituzte: "Euskal Herriko lurraldeak energia nuklearraren ekoizpenetik libre deklaratzea edota energia berriztagarri eta ordezkagarriak sortzeko plan zehatza finkatzea", adibidez.

25 bat talde dira. Hain zuzen ere, honako hauek: Fracking EZ, Goiener Elkartea, KEM-MOC, Desazkundea, Biziz Bizi, LAB, STEILAS, Ekologistak Martxan, CCOO, AHT Gelditu! Elkarlana, 15M, ESK, Greenpeace, ELA, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Sumendi, Ezker Gogoa, Hitz&Hitz, BBT, Coke EZ, Baietz Basauri!, EHNE Bizkaia eta Hiru.

 

[2015-11-23] Ekologistak Martxan: “Baditugu alternatibak, sistema aldatu ez klima!”

[2015-11-23] Argia - Unai Brea: Klima aldaketari konponbidea eskatzeko bizikleta martxa Euskal Herrira iristear

#COP21

#COP21Paris