Lanbidek genero indarkeria babesten duela salatu dute gizarte eragileek

uriola.eus 2015ko aza. 24a, 13:25
Argazkia: Berri-Otxoak

Azaroaren 25eko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko mundu egunaren harira, Bizkaia plazan elkartu dira gizarte eragileetako kideak "eskubide sozialen defentsan" eta "Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatik ez gaituela babesten" salatu asmoz.

'Lanbidek genero indarkeria babesten du. Murrizketarik ez!' lelopean, elkarretaratzea egin dute Bizkaiko emakumeen elkarteetako eta gizarte eragileetako zenbait kidek gaur, 10:30ean, Bizkaia Plazan, Lanbideren probintzia mailako egoitzaren aurrean.

Ekimen honen bitartez ikusarazi nahi izan dute tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei "dagozkien gizarte laguntzak" jasotzeko Lanbidek "egunero ezartzen dizkien trabak eta mugak". Lanbideren araudi, legedi, irizpide eta ebazpenak jo dituzte "emakumeen eskubideak murriztearen" erantzule. Ondorioz, genero indarkeria jasatzen duten pertsonak "hilabete amaierara heltzeko zailtasunak" dituztela adierazi dute.

"Laguntzen murrizketa" eta Lanbideren "praktika okerrak" irudikatzeko poltsa eta ontzi apurtu bana eraman dituzte Euskal Enplegu Zerbitzuaren egoitzaraino.

Protestaldiaren deitzaileak honako eragile hauek izan dira: Argilan, Argitan (Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo), Asamblea Abierta en Defensa de las Prestaciones Sociales, Asociación de Trabajadoras de Hogar de Bizkaia, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos eta SOS Racismo.